Beñat Muguruza: «Hitanoa ikastea arte txiki bat da»
‘Dragoi bola’ telesailaren eta hitanoaren erabileraren arteko harremanaren gaineko ikerketa batean ibili da lanean EHUko irakasle irundarra. Sare sozialak baliatu ditu inkesta erraldoi bat egiteko.
Nolatan ekin diozu hitanoa ikertzeari?
Klaseak emateaz gain, gure beste zereginetako bat ikerkuntza da. Orduan, Azpeitiko hitanoa ikertzen hasi naiz lankide batekin batera. Hiru fase luze eta interesgarri dituen proiektu batean gabiltza, jada bigarren fasea bukatzen ari gara. Hitanoaren kontua guretzat ia obsesio bat bilakatu da, asko erreparatzen diogu edozer entzuten edo ikusten dugunean. Aurten 30 urte bete dira lehen aldiz ETB1en Dragoi bola euskaraz botatzen hasi zirenetik. Hitz egiten hasi ginen ea zenbatek ikusi genuen telesaila, eta ea zenbat erabiltzen zuten bertan hitanoa. Hori guztia jakiteko inkesta moduko bat egin dugu sare sozialen bitartez. Bi kontu ikertu nahi izan ditugu: euskararen erabileran zer nolako eragina izan zezakeen bere garaian Dragoi bola hain modu masiboan ikusteak, eta hitanoarekiko iritzi positiboan eraginik izan zezakeen horrek.
Eta zein izan da ikerketa horren lehen ondorioetako bat?
Bada, jendearen erantzun masiboa jaso dugula. Hasieran jendea xaxatu nahi genuen ahalik eta erantzun gehien lortzeko Euskal Herri osoan. Gogoratu ginen telesailaren pasarte batean 8.000 indar unitatea aipatzen zutela, eta horregatik helburua 8.000 erantzun lortzea izan zen. Bagenekien erabat ezinezkoa zela. A priori ez da metodo zientifiko bat, baina ez genuen beste modurik ikusi hori egiteko. Azkenean, 6.000 lagunek erantzun zuten. Guk flipatu egin genuen, egia esan, ikaragarria izan da erantzuna. Eta gero, ikusi duguna da nukleoko jendeak erantzun duela. %90ak esan du euskara asko erabiltzen duela egunerokoan, orduan ikusten da ez duela ordezkatzen ez euskal gizartea eta ezta ere ziur aski Dragoi bola ikusten genuenon multzo hori. Batez ere ikusi duguna da iritzi positiboa dutela herritarrek, bai hitanoarekiko, eta zer esanik ez euskararekiko. Emaitzak oso positiboak dira, eta nahiz eta ez izan lagin ordezkagarri bat, iruditzen zaigu joera interesgarri batzuk markatzen dituela.
Txikitan Dragoi bola ikusten zenuenetik egiten duzu hikaz?
Ez [barrez]. Nik uste dut ez nuela erantzun inkesta, nahi gabe pasa zitzaidan, eta ziur ez nengoenez ez nintzen erantzun bat ematera ausartu. Baina erantzun beharko banu, ez dakit zer esango nukeen. Eragina ahal du zure hitanoaren erabileran? galderan lau aukera jarri genituen: Bai, asko; Bai, neurri batean; Ez; eta Ez dakit. Pentsatzen dut Bai, neurri batean jarriko nukeela, neurri batean horrek abarkatzen duelako asko. Nahiz eta duela gutxira arte hitz egin ez, hika forma gehienak ezagutu ditut betidanik eta neurri handi batean Dragoi bola-ri esker izan da. Gerora izan da erabilera, ja ezagutu dudanean Gipuzkoako zenbait herritako jendea, orduan hasi nintzen hikaz egiten.
Badirudi hasiera batean zaila dela hitanoa ikastea. Hala al da?
Nik uste dut nahiko zaila dela, baina hor faktore asko sartzen dira. Uxue Alberdiri entzun nion behin berak badakiela hitanoz, baina oso normatiboa dela, oso zuzena, Euskaltzaindiaren aginduen araberakoa. Baina gaur egun batez ere gazteek egiten duten hikak oso gutxi du ikusteko horrekin. Batuko formak jende askori ez zaizkio sartzen belarritik, orduan, alde batetik dago batua eta euskalkiaren arteko talka hori. Eta gero daude arau gramatikalak. Adibidez, menpeko perpausetan ezin da erabili edo ez da erabili behintzat azken mende hauetan. Baina duela hamar urtetik hona gazteek erabiltzen dute. «Esan diat etorriko dukela». Hori berez ez du inork inoiz esan, duela 30 urtera arte behintzat. Baina orain Zarautzen, Azpeitian edo Oiartzunen, adibidez, gehien-gehienetan ia seguru nago ez dutela errespetatzen arau hori. Aurretik arauak ezagutu arren, nik ikastaro batean ikasi dut txukun egiten. Hitanoa ikastea arte txiki bat dela esango nuke.
Zergatik gutxitzen joan da hitanoaren erabilera?
Zaila da horrelako gauzak jakitea. Hori ikertzen ari gara, zergatik leku batzuetan gutxitu den eta beste batzuetan desagertu. Pentsatzen dut Oiartzunen duela 60-70 urte gizonen artean behintzat guztiek egingo ziotela elkarri hikaz. Gaur egun, nik dakidala, mutilen artean ere oso gutxi egiten da, esaldi solte batzuk, gutxi. Ez dakit zergatik. Ziur aski hor sartuko da euskara batua, D eredua, gehien-gehienok euskara batua eta zuka ikasi izana, lan munduan sozializatzeko moduak, familia harremanak… Senide giroa beti izan da hikara eramana tradizionalki, eta lagun artekoa ere bai. Hamaika faktore sartzen dira, zaila da ulertzea ere, oso fenomeno konplikatua da.
Eta zergatik gizonek gehiago egin ohi izan dute hikaz?
Ikertu izan da horri buruz. Emakumeak badu rol bat hizkuntzari dagokionez, orokorrean, ez euskaran bakarrik. Alde batetik normalean baztertu egin ohi izan ditu forma zakarragoak, saiatu da aukeratzen hizkuntzaren ezaugarri prestigiotsuak. Gizonari, aldiz, ez zaio asko inporta izan, emakumeak irudi hori eman behar izan duelako tamalez. Erantzun erraza sexismoa eta heteropatriarkatua da, baina hori benetan zer den aletu beharrez gero, joera hori izan dela uste dut. Beti nolabaiteko estatus bat gordetzeko beharra izan du. Frankismo garaian askoz ere joera handiagoa zuten emakumeek gaztelerara pasatzeko, gaztelaniak zeukalako prestigio handiagoa. Gizonezkoek hikaz egiten zuten euren artean, ez zuten estatus hori gorde behar. Hi hori hartuz gero, gehienoi gizonezko bat etorriko zaigu burura. Faktore askok eragin dute hori. Pentsa zein fenomeno garrantzitsua den, ez dela gertatu modu isolatuan. Euskal Herriko toki guztietan neurri txiki ala handiago batean hika mantendu den lekuetan gizonek gehiago egiten dute.
Oarsoaldean eta Bidasoan bada hitanoaren arnasgunerik?
Momentuan burura Oiartzun etorri zait, baina ez naiz ausartzen arnasgune hitza erabiltzera. Oiartzunen baserri giroan ziur aski jende askok hikaz egingo du, baina arnasgune gisa planteatzea ez naiz ausartzen, asko iruditzen zait.
Eta Irunen, gutxi bada ere, hika entzuten da?
Bai. Hor, foku nagusia, bakarra ez esateagatik, Irunabar Bertsoaren Bilgunea da. Nik uste dut horrek ere irradiatzen duela ingurura, eta ikusten ari naizenagatik hor sartzen dena hitanoarekin pixka bat bustitzen hasten da. Badakit haietako askok egun erabiltzen dutela. Beti diot dozena batekin egiten dudala Irunen hikaz, eta duela bost urte ez nuela inorekin egiten. Bada zerbait, baina horrek ez nau obsesionatzen.