Aztarna utzi nahi duen ubera
Hondarribia Arraun Elkarteak 50 urte bete ditu. Aztarna uzteko baliatu nahi dute urteurrena eta herriko arraunaren historia biltzen duten liburu eta dokumental bana argitaratu dituzte.
Atzoko egunez, duela 50 urte sortu zen. Lehenagotik bazen trainerurik herrian, noski, eta 1845 urtekoa da erreferentziarik zaharrena. Baina, arraun kluba 1969ko Santiago Egunean jaio zen. Egun horretan egin zuten Hondarribia Arraun Elkartea (HAE) osatzeko bazkideen lehen batzar nagusia, Elizalde zine aretoan. Mende erdia pasatu da harrezkero, eta behar bezala ospatzen hasi dira.
Historiako une gozoenetako batean harrapatu ditu ospakizunak. Hiru traineru uretan, gizonen A ontzia eta emakumeena lehen mailan, eta Ama Guadalupekoa, gainera, onenekin lehian. Baina haizeak ez du beti norabide beretik jotzen, eta arraun zaleek ondo dakite zer gutxi behar den olatuaren gainetik zulora jaisteko. Horregatik, aztarna uztea bilatu dute urrezko ezteiak ospatzeko egitaraua prestatzerakoan. “Argi genuen ez genuela gauza pila antolatu nahi, nahi genuena zen batez ere antolatzen genituen horiek irautea, etorkizunari begira aztarna uztea”, azaldu du Joxemi Elduaien elkarteko presidenteak.
Horrek ez du esan nahi urtean zehar ez denik egun berezirik izango. Bi behintzat halakoak izango dira, San Inazio egunez aurten Hondarribian egingo den Euskadiko Txapelketa, eta urriaren 26rako prestatzen ari diren Arraunlarien Eguna.
Momentuz bi horiek. Baina aztarna utzi nahi horretan, HAEren mende erdiak etorkizunerako geratuko diren hiru argitalpen utzi ditu dagoeneko. Batetik, Markos Sodupek eta Joseba Arozenak sortu duten dokumentala, hamaika testigantzaren bitartez klubaren historia azaltzen duena. Bestetik, Hondarribia Hiria Musika Bandak, parrokiko abesbatzak eta Mikel Garikoitzek grabaturiko CDa, arraun munduari lotutako hainbat abesti eta kantautoreak urteurrenerako propio sorturiko bi doinu berri biltzen dituena. Eta hirugarrenik, eta bereziki, Koldo Ortegak, Luis Maria Agirrek eta Inaxio Noguerasek idatzitako Hondarribia Arraunean 1845etik liburu mardula. Aste honetan atera da inprimalekutik, eta ia hiru urteko lanaren ondorioa da.
Zergatik 1845etik, 50 urte ospatzea bada asmoa? “Hori delako Hondarribiak traineru estropada batean parte hartu zuela jasota dagoen aurkitu dugun agiri zaharrena”, argitu du Elduaienek. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1845eko abuztuaren 12an antolatutako estropada izan zen, Donostian udara pasatzen zuen Espainiako Isabel II.a erreginaren omenez egin zutena. Estropada horretan gertatu zenaz ez dute ezer aurkitu liburuaren egileek, zeinek irabazi zuen adibidez ez dakite, baina herriko traineru batek parte hartu zuela jasotzen duten agiri bana aurkitu dituzte bai udalean, bai arrantzaleen kofradian.
Liburu bat, omentzeko
Elkarteak urteurrena prestatzeari ekin aurretik hasi ziren hiru ikerlariak liburua idazten. Lehenagotik bakoitzak bere bidea egina zuen, asmo zehatzik gabe. Eta urteurrenak batu zituen. “Askotarikoak dira liburu hau idaztera bultzatu gaituzten arrazoiak, baina erabakigarria izan da haietako bat: Hondarribia Arraun Elkartearen urrezko ezteiak”. Ados jarri, elkartera jo, eta besoak zabalik hartu zituzten bertan. Presidenteak esker hitzak baino ez ditu hiru egileentzat: “Inoiz ez diegu behar bezala eskertuko mendeetako informazio hori guztia biltzen eta ordenatzen bestetarako zuten denbora guri eskainiz egin duten ahalegin eskerga”.
Ia hiru urtetako lana jasotzen du liburuak. “Arraunaren arloan nabarmendu beharrak diren gertaera historikoak ordenatu eta aurkeztu nahi izan ditugu. Arraunaren lekuko gertatu den informazio iturri guztietara jo dugu bide horretan, noizbaiteko eta egungo datu idatziak, kantatuak, argazki bihurtuak, marraztuak eta ahoz emanak biltzeko”.
Lehenik, arraunaren jatorria azaltzen du lanak, arraunketa kirol bilakatu zenekoa, antolatu ziren lehen estropadak, baita herriko lehen traineruak eta horiek parte hartu zuten probak. Jarraian, arraunketaren herriko antolakuntzari egiten zaio tartea, HAEren aurretik egon ziren egiturei, eta bereziki, HAEri. Gero, kronologia dakar, 1845etik 2019ra estropadetan hondarribiarrek izan duten parte hartzeak. Agirrerentzat, hori da ikerketa lanak eman duen fruiturik bereziena, batez ere Kontxari dagozkionak: “Denborak, patroiak, arraunlari bakoitza bere tostan jarria… Hondarribiko traineruekin Kontxan parte hartu duten 300 arraunlari baino gehiagoren datuak”. Bestelakoak ere jaso dituzte, traineruaren izenaren ingurukoak, berde kolorearen jatorriari buruzkoak, Hondarribiko ikurrinaz, emakumeen traineruaren gainekoak, eta beste asko.
Liburuarekin, “arrauna Hondarribiko kulturaren ezinbesteko osagai bilakatu dute pertsonak” omendu nahi izan dute, azken berrogeita hamar urteetan arraun klubaren historia zizelkatu dutenak, baita elkartea sortu aurretik ibilitakoak ere. “Hondarribiaren arima bildu dugu —deritzo Ortegak—, ez baita Hondarribiarik itsasorik gabe”. Elduaien bat dator berarekin: “Batere zalantza izpirik gabe esango dut gure elkarte ttiki handi honek, bereziki, eta arraunketak, oro har, hondarribiar askok geure bizitzan gozatu ahal izan ditugun une garrantzitsuenetako batzuk bete dituela”.
Dokumental hunkigarria
Liburuarekin batera, musika CDa eta dokumentala banatuko dituzte. Joan den ostegunean aurkeztu zuten ikus-entzunezkoa Itsas Etxea Auditoriumean eta astearte honetan errepikatuko dute. Proiekzioaren aurretik, gainera, CDrako Mikel Garikoitzek sorturiko bi abestiak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Aurrena, Urekian instrumentala, Iñaki Dieguez soinujole irundarrak interpretatu zuena. Bigarrena, Bihotz-bihotzekoa, Dieguezek jo eta Mikel Garikoitzek eta Ioritz semeak abestu zutena.
Jarraian eman zuten ikus-entzunezkoa. Bigarren saioaren hasieran bi egileek onartu zuten gustura daudela emaitzarekin. “Testigantza asko bildu ditugu, eta arraun elkartearen historia hobeto ulertzeko balioko du. Betirako geratuko den lan bat izango da”, esan zuen Arozenak. Sodupek elkartea sortu aurrekoak ere aintzat hartu dituztela gehitu zuen: “Arraunak Hondarribian izan duen garapena kontatzen du dokumentalak, 50 urteko ibilbidea, baina aurretik urte askoz egten zuten hemen arraunean, eta hori ere jaso dugu”.
Testigantzez gain, dokumentazio lan itzela egin dute Sodupek eta Arozenak dokumentalerako, bideo esanguratsu asko, horietako batzuk zuri-beltzean. Ez hain urruti joan gabe, Ioseba Amunarriz gaztetxo baten irudiak ikusi ahal izan dituzte arraunzaleek Itsas Etxeko bi saioetan. Elduaien presidentearekin eta Mikel Orbañanosekin batera, egungo urrezko garaietako irudietako bat da Amunarriz, eta dokumentaleko une hunkigarrienetako baten protagonista, 2005eko Kontxako garaipena jasotzen duenekoa. 40 urteren ondoren Hondarribiak Donostian irabazi zuenean bizitutakoak gogoratzerakoan oraindik hunkitu egiten da patroia: “Izugarria izan zen, orduan ikusi genuen nola disfrutatzen zuten ordukoek, aurrekoek guri kontatu zigutena bizitzen ari ginen gu”.
Amunarrizenak bezala, beste dozenaka testigantza biltzen ditu Hondarribia Arraunean 1845etik ikus-entzunezkoak. Tartean gozo asko, baina baita gaziak ere. Itsasora entrenatzera atera, olatu batek ontzia irauli, eta Joxe Mari Sagarzazu arraunlaria ito zenekoa, esaterako. Kantauri itsaso osoan sentitu zuten kolpea. Arraunean mugarri izan zen Sagarzazuren heriotza, eta ordutik igerian jakitea ezinbestekoa da arraunlari izateko.
Agirre, Nogueras eta Ortegaren liburuak ere atal bat eskaini dio Sagarzazuri. Horrelakoak ere jaso dituzte Hondarribia Arraun Elkartearen 50. urteurrenaren harira sortu dituzten liburu eta dokumentalean, hurrengo belaunaldiek horien berri ere izan dezaten.
Atzo mende erdia bete zuen Hondarribia Arraun Elkarteak eta aztarna utzi nahi izan du urrezko ezteiak ospatzeko programa egiterakoan. Orain artekoa jaso, txukundu eta gorde, behar bezala baloratzeko eta datozen belaunaldiei trasmititzeko. Finean, itsasoan 50 urtez marraztutako ubera betikoratzeko.
Emakumeen lehen bandera Hondarribia Arraunek antolatu zuen
Gaur normaltzat jotzen den arren, mende hasieran pentsa ezinezkoa zen aulki finkoan emakumeen ontzien arteko lehiarik. 2005 urtean antolatu zuten lehen aldiz nesken bandera bat, eta Hondarribia Arraun Elkarteak antolatu zuen, 2005eko irailaren 18an.
Garai hartan Hondarribia, Irun eta Hendaia biltzen dituen Bidasoa-Txingudi mankomunitateak Txingudi Eguna ospatzen zuen urtero, eta egun horri lotuta antolatu zuten Txingudiko I. Bandera. Aulki mugikorreko nesken ideia izan zen, eta beste elkarteetan diziplina berean aritzen zirenekin harremanetan jarri ziren, egun batez trainerura jauzi egin zezaten.
Lau ontzik eman zuten izena: Txingudi –Hondarribia, Santiagotarrak eta Endaika elkarteetako arraunlariekin–, Urola-Kosta, Isuntza eta Cabo da Cruz. Galiziarrek irabazi zuten estropada. Hala moduan ibili ziren arraunlariak, finkoan ibiltzea zer zen ez zekitelako, baina atzeraezinezko urratsa eman zuten. Handik lau urte eskasera hasi ziren emakumeen traineruen arteko lehiaketa arautuak, eta 2011 urtetik liga formatuarekin lehiatzen dira.