Bidasoko 171 emakumek jasandako errepresioari oihartzuna emango diote
1936tik 1945 urtera bitarte jazarpen ideologikoarengatik fusilatu, atxilotu eta erbesteratutako emakumeen kasuak webgune batean bilduko ditu Kepa Ordoki elkarteak.
Kepa Ordoki Memoria Bidasoan elkartea beste ikerketa lan batetan aritu du azkenaldian. Gaur bertan aurkeztu dute Izan zirenak eta izango direnak gogoan dibulgazio proiektua. Bertan, 1936ko altxamenduaren ostean eta frankismo garaian eskualdeko 171 emakumek jasandako errepresio kasuak bildu dituzte; proiektuaren helburua, 1936tik 1945 urtera bitarte jazarpen ideologikoarengatik fusilatuak, atxilotuak eta erbesteratuen kasuei oihartzuna ematea.
Gaurko aurkezpenean gogoratu dutenez, 16 eta 17 urteko Pilar Valles Vicuña eta Mercedes Lopez Cotarelo izan ziren lehen emakume fusilatuak eskualdean. Bi hauek, alderdi komunistako zenbait kiderekin batera Pikoketako puntuaren zaintza lanetan zeudela ezustean jaso zuten faxisten erasoa. Haienak bezalaxe, beste hamarka kasu gogor bildu dituzte ikertzaileek.
Dibulgazio proiektuan jasotako guztia zabaltzeko asmoz, egitasmoaren asmoa webgune berezia sortzea dela jakinarazi dute elkarteko kideek. Abuztu hasieran erabilgarri izango dela diote, eta bertan emakumeek faxismoaren ondorioz bizitako errepresio kasu guztiak (liburuak, artxibategiak, elkarrizketak…) zintzilikatuko dituztela. “Oroimen historikoa gizarteratzeko, eta emakumeek jasandako errepresio kasuei zabalpen handiagoa emateko, aproposa ikusi dugu kontsultarako eta bilaketak egiteko webgune bat eratzea”, esan du Peli Lekuona elkarteko kideak.
Omenaldia
Proiektuan identifikatu dituzten emakume guztiei omenaldi berezia egingo diete abuztuaren 15ean (osteguna). Pikoketan (Oiartzun) izango da, 12:00etatik aurrera. “Omenaldira gonbidatua dago emakume hauen aldarrikapenean sinisten duen oro. Izan ere, oroimenaren etsaia isiltasuna da, ez denbora”.