Azoka beganoa Ficoban abenduan, Eguberrietako Azokaren ordez
Azoka beganoa abenduaren 6tik 8ra egingo dute, produktu beganoen kontsumitzaileen esperientzia eta ezagutze gune erreferente bihurtzeko asmoarekin.
Abenduaren 6tik 8ra Euskal Herriko lehenengo azoka beganoa jasoko du Ficoba Euskal Kostaldeko Nazioarteko Erakustazokak, Be Veggie azoka. Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokaren ordezko izango da.
Ficobako iturrietatik adierazi dutenez, Espainiako Estatuko iparraldeko eta Frantziako Estatuko hegoaldeko erreferentzia azoka izatea nahi dute Be Veggie. Hala, %100ean elikadura produktu begetalak, beganoentzako egokiak diren zerbitzuak (kosmetika naturala, moda, habitata, ostalaritza eta turismoa, aplikazioak eta zerbitzu teknologikoak…) eta bestelakoak bisitarien zerbitzura jarriko dituzte.
Gainera, jarduera osagarri asko izango direla aurreratu dute: informazio hitzaldiak, sukaldaritza eta showcooking saioak, nutrizionisten aholkularitza, kontzertuak, jakiekin furgonetak… “Ezagutza eta esperientziak trukatzeko” jaialdia izango da abenduko azoka.
Azoka testuinguruan jartzeko hainbat datu bildu dituzte antolatzaileek: Espainiako Estatuan produktu beganoak kontsumitzen dituzten lau milioi pertsona daudela zehaztu dute, eta begano labeldun produktuen zerrenda 2.500ekoa dela. Gainera, azken urteetan haragi gorriaren kontsumoak %35 behera egin duela jakinarazi dute.
Eguberrietako Azokari agur
Ficobatik beste albiste bat zabaldu dute: Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka desagertu egingo da Ficobako egutegitik, ez da egingo. Horren arrazoia da Gipuzkoako hiri askotan Eguberri kutsuko jarduerak egiten direla, eta Ficobakoek horri alternatiba bilatu diote Be Veggie azokarekin.
Eguberrietako Azokak 13 ekitaldi egin ditu Ficoban. 1.000 erakusketari eta 230.000 bat bisitari jaso ditu edizio horietan guztietan.