Hamar domina eta taldekako lehen postua gazteenentzat
Kataluniako Sort herriko Noguera Pallaresa ibaian lehiatu berri da Irungo Santiagotarrak taldeko ur bizietako sekzioa. Espainiako Gazteen Kopako bigarren proba jokatu berri dute.
Kataluniako Sort herriko Noguera Pallaresa ibaian lehiatu berri da Irungo Santiagotarrak taldeko ur bizietako sekzioa. Espainiako Gazteen Kopako bigarren proba jokatu zuten bertan. Taldekako sailkapenean lehen postua eskuratzeaz gain, merezitako 10 dominekin bueltatu dira hirira.
Bost urrezko, hiru zilarrezko eta brontzezko bi eskuratu dituzte irundarrek. Izar Garciak (K1 eta C1 Haur A kategorian), Javier Arruabarrenak (K1 Haur A kategorian), Unai Santacruzek (K1 Haur B kategoria) eta Lauren Lacabannek eta Eneko Bidaurretak (C2 Haur B kategorian), urrezko domina bana eskuratu dute. Zilarra berriz, Ainara Azanza (K1 eta C1 Haur B kategorian) eta Javier Arruabarrenak (C1 Haur A kategorian) poltsikoratu dute. Azkenik, Aitor Iriondok (C1 Haur A kategorian) eta Unai Santacruzek (C1 Haur B kategorian), brontzezko banarekin itzuli dira Kataluniatik.
Klara Olazabal, laugarren
Poloniako Kracow hirian Eslaloneko Munduko junior zein 23 urte azpikoen Txapelketa jokatzen ari dira Santiagotarrak taldeko bi kirolari; Klara Olazabal 23 urte azpikoen K1 eta C1ean eta Oier Rodriguez C1 juniorrean.
Bietatik, emaitza onena Olazabalek eskuratu du, finalerdietan zorte handirik izan ez arren. Hala, laugarren postuarekin konformatu behar izan du irundarrak. Rodriguezek aldiz, hamaseigarren postuan sailkatzea lortu zuen.