Sandra Ramajo: «Ez dut sekula ahaztuko nondik natorren eta zer sentitzen dudan»
11 urtez Realean jokatu ostean, Albacetek fitxatu berri du irundarra, «buruak eta gorputzak aldaketa eskatu didate». Urte historikoaz eta etorkizunari begira dituen erronkez luze aritu da kapitain ohia.
Nolatan erabaki duzu Realaren momentu gozoenean taldez aldatzea?
Azkenean 11 urte eman ditut nire bihotzeko taldean, pertsona zein jokalari bezala hezi naizen taldean. Baina etapak ere pasatzen dira, gazteak indartsu datoz, eta pixka bat dena batzen joan da. Urte ederrak izan dira, baina egia da azken urte hau arlo pertsonalean gogorragoa izan dela. Buruak eta gorputzak aldaketa bat eskatu didate, eta horren ondorioz erabaki bat hartu behar izan nuen. Nire osasun egoera ikusita, erabaki onena hemendik alde egitea izango zela ikusi nuen. Albacete aurkeztu zen orduan, eta asko pentsatu ostean, niretzako erabaki onena zela ondorioztatu nuen.
Zaila egin zaizu erabakia hartzea?
Bai, oso zaila egin zait. Zailena Reala uztea izan da. Zalantza horiek guztiak argitzeko guraso eta ahizparen laguntza izan dut lehen minututik. Haiek ere ikusi zuten urte gogorra izan dela niretzat, bereziki pasatu nuen lesio luzearen ostean. Halere, ongi eramatea lortu dut, taldekide izugarri onak izan ditudalako alboan. Horrez gain, familian ere egoera zailak izan ditut, eta gauza horiek guztiak batuta aldapa gorako denboraldia izan da. Nire onerako, haize berriak behar ditut.
Tarte horretan, futbola uztea pasa zaizu burutik?
Egia esan, bai. Aukera ugari izan ditut. Realean jarraitzeko aukera hor egon da beti, baina bestalde, ikasketekin jarraitzeko apustua ere egin nezakeen. Klubak momentu oro jarraitzea nahi zuela argi utzi du, eta zure bizitzako taldeari ezetz esatea oso zaila izan da. Futbola uztea pentsatu nuen Anoetan izan nuen susto horregatik. Ez dakit zer gertatu zitzaidan, sekula ez nuen horrelakorik izan. Azken urtean askotan, asteburuetan, etxean geratu behar izan dut, eta kirolari batek beti nahi du jokatu. Hilabete oso txarra pasa nuen, etxera gogorik gabe iristen nintzen, eta gaizki jateaz gain lo gutxi egiten nuen.
Orain, zer moduz zaude?
Orain lasaiago nago, jada erabakia hartu dudalako, badakit nora noan, badakit non biziko naizen, badakit benetan zer nahi dudan. Horrek asko lasaitzen nau. Halere, oraindik ere barruan antsietate horrekin jarraitzen dut. Lagunekin egotean batzuetan berdina pasako zaidala uste dut, sentsazio hori izan dut askotan. Maiz etxera joan nahi izaten dut. Hilabete batez oporretan izan naiz eta primeran pasa dut taldeko lagunekin. Baina, momentu batzuk ez ditut benetan gozatu. Orain dela aste batzuk erabaki nuen medikuarengana joatea, ez nuelako Albacetera egoera honetan joan nahi. Neurologo eta medikuarengana jo nuen, zer gertatzen zitzaidan jakiteko. Biak ondorio garbi batera iritsi ziren, antsietatea nuela. Laguntza psikologikoa behar nuela esan zidaten, eta horretan nago. Bizitza lasaia egiten saiatzen ari naiz.
Egoera honek utzi al dizu Granadako Kopaz eta aurten lortutakoaz behar bezala gozatzen?
Egia esanda, asko gozatu dut azken 11 urteotan. Momentu oro gozatu dut. Kopa jaso nuen unea izugarria izan zen, egun hura, gaua, ondorengo goiza… Baina sustoa izan eta gero hain politak izan behar zuten egun horiek ez ziren hain ederrak izan. Presidentea [Jokin Aperribay] Anoetara etorri zen eta gogoan dut oso nekatuta nengoela, erabat agortuta. Ez da bertan egon nahi ez nuela hori gozatu behar den uneetako bat baita, baina ez nintzen batere ongi. Herriz herri Kopa erakustera joan ginenean ere salto eta oihu egiteko gogo horiek falta zitzaizkidan. Ume batzuekin argazki bat ateratzean gertatu zitzaidan sustoa, hortaz, panikoa ematen zidan gazteengana gerturatzea. Pena handia da garai horretan gertatu izana.
«Garrantzitsuagoa izan da askotan lehiatzea, diru kopuru bat jasotzea baino»
Aurreko denboraldia historikoa izan da zuentzat. Nola bizitu duzu pertsonalki?
Egia esan, bigarren plano batetik bizi izan dut, bereziki hilabete luzez lesionatuta egon nintzenean. Halere, asko gozatu dut taldea kanpotik ikusten. Egia da oporretatik bueltatu nintzenean
ongi eramaten nuela, ez baitzegoen hainbesteko lehiarik. Baina sasoia hastean eta asteburuak iristean harmailara igo behar nuen partidak ikustera, eta zelaitik hain urrun egotea zaila da, gaizki pasatzen da. Gogorra egin zitzaidan hasieran, baina pixkanaka beste modu batera ikusten hasi nintzen. Zentzu horretan asko ikasi dut taldekideengandik. Kanpotik ere gozatzen ikasi nuen, taldekideak jokatzen, sufritzen, irabazten eta borrokatzen ikusten. Gero, behin erabat osatuta, haiekin batera entrenatzea ezberdina izan da. Betidanik taldekideengandik jasotako maitasuna izugarria izan da. Modu batera esateko, erdizka gozatu dut denboraldi hau. Gainera, horrelako omenaldi batekin eta Erreginaren Kopa irabazita amaitzea ederra izan da, hori ziur.
Kapitaina izanik, hutsune handia utziko duzu taldean.
Nik uste erraz hartuko didatela lekukoa, beti esan dut zorionekoa naizela alboan horrelako talde bat izateagatik. Talde gaztea da, baina esperientzia eta anbizio handikoa. Jokalari askok adin horietan ohikoak ez diren jarrera eta erantzukizuna dute. Ez nau kezkatzen nire Reala nola eramango duten. Bi jokalari nirekin batera kapitain izan dira, eta anbizio eta profesionaltasun horrekin, esku onetan dago taldea.
Gipuzkoa osoan bezalaxe, irundarrek ere sekulako harrera egin dizuete aurten. Pozik bizilagunen babesarekin?
Oso. Pena handia eman zidan Irun biraren azken herria izan zelako. Pixka bat lehenago izan balitz, ziur aski jende gehiago bilduko zen San Juan plazan, giro gehiago egongo zen. Gainera, euria egin zuen. Hala ere, ikaragarria izan zen hainbeste jende gure zain zegoela ikustea.
Jada Albaceten izan zara sinatzen. Nolakoa izan da lehen inpresioa?
Lehen inpresioa oso ona izan da. Aireportura iritsi bezain laster, tratua primerakoa izan da. Nire bila etorri ziren, hasieratik asko kezkatu dira nitaz. %100ean ongi sentitzeko ahalegin guztiak egiten ari dira, gauza guztiak ondo zainduta. Badakit ezin dela Realarekin alderatu, baina hangoa ere familia bat da. Gogoz eta ilusioz nago familia horren parte izateko.
Itxura ona du taldeak?
Egia esan, bai. Aurten Lehen B Mailara jaitsi diren arren, blokea mantentzea lortu dute. Fitxaketak ere onak izan dira; lehen mailan eta nazioartean esperientzia handia duten zenbait jokalari ekarri dituzte.
Hortaz, helburua Lehen Mailara bueltatzea izango da?
Bai, helburu nagusia Lehen Mailara igotzea da, baina beti ere hankak lurrean edukita. Denak batera, lan gogorra egiten eta umiltasunez lortuko dugu helburu hori.
Gainera, entrenatzaile fazeta hori ere lantzeko asmoa duzu Albaceten, ezta?
Reala utzi nuenean, jokatzeaz gain, bestelako aspektuak ikasteko aukera eman zidaten. Entrenatzaile, bideo ikertzaile eta kirol kudeaketa postuak gustatzen zaizkit. Albaceteko esperientzia tituluak ateratzeko probestu ere egin nahi dut. Etorkizun batean Realaren atea ukitzea gustatuko litzaidake, eta ate horrek irekita jarraitzen badu, ordura arte ikasitako guztia ematera sartuko naiz.
«Nesken futbola sabairik gabeko puntu batera iristen ari da»
11 urte bete dituzu elastiko txuri-urdina janzten. Begirada atzera botata, honaino iritsiko zinela uste zenuen?
Ezta gutxiago ere. Ni betidanik Realekoa izan naiz, Atotxan eta Anoetan izan naiz, eta txikitatik kamiseta guztiak eskatu izan ditut. Badakit nora noan, baina ez dut sekula ahaztuko nondik natorren eta zer sentitzen dudan, hori argi daukat. Gogoan dut Realetik deitu zidaten lehen urtea, proba batzuk egiten aritu nintzen. Taldean sartzeko deitu zidatenean, gogoratzen dut lehen partida titular bezala jokatu nuela, eta 4-0 irabazi genuela. Orduan, entrenatzaileak lezio bat eman zidan. Real Sociedad taldean nintzela esan zidan, beteranoengandik asko ikasi behar nuela, lan asko egin behar nuela oraindik. 7-8 partida inguru jokatu gabe egon nintzen. Gabonak iritsi ziren eta ni orduan oso gaizki pasatzen ari nintzen. Partida guztiak jokatzetik nentorren, eta nik zelaira atera nahi nuen beti. Gogoan dut Aintzane Encinas orduko kapitaina gerturatu zitzaidala, eta nik gehiago ezin nuela esan nion. Berak esan zidan hemen geratzeko, azkenean dena iristen dela. Hitz horiek hunkitu ninduten eta azkenean erabaki nuen amore ez ematea. Hari esker jarraitzea erabaki nuen, eta ordutik zelaian beti gozatu dut.
Zein izan da 11 urte hauetan bizitu duzun unerik bereziena?
Pertsonalki bi une aukeratuko nituzke. Lehena, Rayo Vallecanoren aurka lesioaren ostean bueltatu nintzen partida, Zubietan. Beroketekin hasi nintzen eta zaleek hegan eraman ninduten. Oilo-ipurdia jarri zitzaidan, sekulako txalo zaparrada jaso nuen. Ez nuen harrera hori espero, une oso polita izan zen. Gero, lesionatu nintzen unea ere gogoratzen dut. Gogoan dut besoetan eraman nindutenean zaleek ere sekulako babesa eman zidatela, hunkigarria izan zen. Eta nola ez, aurten bizitutakoak. Taldekideen despedida izugarria izan zen, hainbeste jende Zubietan zuri agur esateko biltzea mundiala izan zen. Eta Erreginaren Kopa, nola ez, bereziki altxatzeko une hori. Realarekin egin zidaten lehen elkarrizketan nire ametsa kopa bat altxatzea zela esan nuen. Nire bidea bukatzeko amaiera perfektua izan dela uste dut.
Azkenaldian bereziki, zaleek sekulako babesa eman diote emakumeen futbolari. Nola ikusten duzu emakumezkoen futbolaren etorkizuna?
Uste dut etengabeko hazkuntza batean dagoela, sabairik gabeko puntu batetara iristen ari dela. Aspalditik landutako gauza bat da. Nesken futbola existitzen ez zela zirudienean asko lehen harriak jartzen hasi ziren, aurrean zituzten horma guztiak pasatzen. Haiei esker ate asko zabaltzen ari gara orain. Egun jada harmailak beteta ikusten dira, eta askorentzat ogibide bilakatu da kirola. Udako mundiala ikusi besterik ez da egin behar. Guretzako askotan garrantzitsuagoa izan da kolore batzuen alde lehiatzea, diru kopuru bat jasotzea baino. Bada, egungo jokalariak profesionalizatzen ari gara, errekurtso gehiago jartzen ari dira. Reala zentzu horretan eredugarria dela uste dut. Kopa irabaztean udaletxe kanpoaldea ikustea besterik ez zegoen, 15.000 lagun inguru bildu ziren bertan. Granadara ere jendetza joan zen, ikaragarria izan zen guretzat. Zaleekin hitz egitean, haiek zioten azken finean kopa bat dela. ‘Realak irabazi duen kopa bat da, urte asko generamatzan ezer ospatu gabe. Hau ospatu behar da, berdin du neskek edo mutilek irabazten duten’. Talde honek etorkizuna duela uste dut. Hemendik hamar urtera ez dakit non egongo diren neskak, baina ziur egun baino gorago. Honek ez du atzera bueltarik.
Leire Landa, Leire Baños, Erkuden Lasa, Sara Olaizola, Sandra Ramajo… Harrobi indartsua du Irunek.
Egia da. Lehen mailako futbolari asko aurki daitezke hemen Irunen, azkenean 60.000 biztanleko hiri handi batez ari gara. Futbolarekin lehen kontaktua Dunboa-Eguzki taldean izan nuen, haiek izan ziren lehenak nesken futbolaren aldeko apustua egiten. Betidanik Irunen gure aldeko apustu garbia egin dute, hori argi dago. Gero, Mariñon hasi nintzen, Irungo nesken futbolaren boom-a ekarri zuen Mariñok. Harrobia oso ongi lantzen dute, eta presidentea gizon bikaina da. Hark lehen mailan jokatu duten jokalari asko argira atera ditu. Baina Mariñoz gain apustu garbia egin da hiriko beste taldeetan ere, aukera berberak eman dizkigute denei, eta hori eskertzeko da.