Dies Oiassonis jaialdia, urtez urte "handitzen"
Hamargarren edizioaren balorazioa egin berri du udalak. "Oiasso hiri erromatarraren egunerokora gerturatzeko baliagarria izan da jaialdia".
Joan den igandean eman zioten amaiera hamargarren Dies Oiassonis jaialdiari, eta orain balantzea egiteko unea iritsi da. Datuei erreparatuz, 2.200 lagunek gozatu dute erromatarren zirkuarekin; tailer guztiak lepo utzi zituzten herritarrek eta Oiasso museo ingurua hiriaren erdigune nagusi bilakatu da asteburuan. Hortaz, aurtengoa ere arrakastatsua izan da.
Irungo Udaleko Kultura saileko ordezkari Juncal Eizagirreren hitzetan urtez-urte “goraka” doa. “Jaialdia herritarren parte hartzen zein adituen presentzian handitzen joan da. Arte eszenikoak, moda, musika, artisautza, arkeologia, gastronomia, zirkua, gladiadoreak… Guzti horiek Oiasso hiri erromatarraren egunerokora gerturatzeko baliagarri izan dira”, adierazi du ordezkariak.
Eta aurtengo edizioa biribiltzeko, Irungo Udalak jaialdiaren inguruko bideo ederra argitaratu berri du. Udalaren webgune ofizialean dagoeneko ikus daiteke.