Kote Cabezudoren biktimei babesa emango die Bidasoaldeko Elkarte Feministak
Bihar, Donostiako epaitegi aurrean bilduko dira, 9:30ean.
Kote Cabezudo argazkilariaren aurkako auzo nagusiaren instrukzioa itxi berri du Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak. 47 delitu leporatu dizkio epaileak. Harekin modelo gisa aritutako 21 emakumek salatu dute Cabezudo; haien baimenik gabe irudi pornografikoak zabaltzea egotzi diote. Iazko maiatzaz geroztik, Martuteneko espetxean dago, behin-behineko egoeran.
Bihar (hilak 19) berriz, biktimei babesa adierazteko Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzeko deia egin berri dute Bidasoaldeko Elkarte Feministak eta Kote Cabezudoren Biktimentzat Justizia taldeak. 9:30ean bilduko dira. Elkarte feminista, komunikabide, elkarte eta herritar orori luzatu diote Teresa Kalkuta plazan elkartzeko gonbita. Era berean, duela urtebete Donostiako Udalak kaleratutako deklarazio ofizialean zabaldutakoa betetzeko eskaera egin diote udalari, “auziari bisibilidadea emateko”.