BAT-eko kirolarien domina festa Durangon
Bidasoa Atletiko Taldekoek bederatzi domina eskuratu dituzte Durangoko Landaka pistan jokatutako Euskadiko Txapelketa Absolutuan.
Bidasoa Atletiko Taldekoak domina mordoarekin bueltatu dira Durangoko Landaka pistatik. Joan den asteburuan, Euskadiko Txapelketa Absolutua jokatu zuten bertan eskualdeko kirolariek. Taldeko kirolari gutxik parte hartu arren, primerako emaitzekin amaitu dute txapelketa.
Orotara, bederatzi domina eskuratu dituzte, zehazki, urrezko 3, zilarrezko 2 eta brontzezko 4. Urrezko lehena Teresa Errandonearentzat izan da, 100 metro hesi proban; 13.45 markarekin, finalean lehen postua eskuratzeko aukera izan du. Errandoneak bezalaxe, Malen Ruiz de Azuak ere txapelketa bereganatu du, pertika jauzian modalitatean hain zuzen ere. 4.25 metroko saltoarekin, urrezkoa irabazi du irundarrak. Eta bi nesken antzera, Mikel Ruiz Lasa ere txapeldun irten da pisuko jaurtiketan, 11.20 metroko jaurtiketa egin ostean.
Zilarrezko dominak Mikel Campon (pertikako jauzia) eta Paula Añorgarentzat (pertikako jauzian) izan dira. Hirugarren postuan berriz, Luis Aranzabal (pertikako jauzia), Alazne Garrido (400 metro leun), Juan Errandonea (salto hirukoitza) eta Male de la Fuente (pertikako jauzian) sailkatu dira.