Pregoilari txikiak hautatzeko deialdia egin dute
Aurten hirugarrenez egingo dute pregoi txikia, irailaren 6ko haurren txupinazoaren aurretik.
Jaietako haurren pregoilari nortzuk izango diren zehazteko deialdia egin du Hondarribiko Udaleko Kultura departamentuak. Orain bi urte hasi ziren egiten, irailaren 6ko haurren txupinaren aurretik, eta oso harrera ona izan du. Aurten, lehenengoz, deialdi bidez hautatuko dute pregoilari parea.
Hondarribian erroldatuta dauden eta aurten bederatzi urte bete edo beteko dutenentzat da deialdia. Pregoia buruz ikasi beharko dute eta, hautaketa egiterakoan, originaltasuna eta umorea kontuan hartuko dira.
Hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek BAZ bulegoan eska dezaketen izen emate orria bete behar dute. Horrez gain, haurra “era xelebrean” azaltzen duen argazki bat entregatu behar dute datuekin batera, baita pregoilari txikia izateko deialdira aurkezteko arrazoia.