Alarde Parekidea: "Banantzen gaituen harresia gero eta ahulago dago"
Irungo Alarde Parekidearen Juntak joan den igandeko desfilearen balorazioa egin berri du. Harro daudela nabarmendu dute, aurtengoan "partaidetza historikoa erdietsi" dutelako.
Irungo Alarde Parekidearen Juntak joan den igandeko desfilearen balorazioa egin berri du. Lehenik, harro daudela nabarmendu dute, aurtengoan “partaidetza historikoa erdietsi” dutelako, “inoizko jendetzaz, gogoz eta alaitasunez ospatu” dutela.
Urtez urte partaidetza goraka doala diote, ehunka lagun konturatu direla parekidea dela etorkizuneko alardea. “Alarde honetan, inklusioa eta berdintasuna ez dira hitz polit hutsak, baizik eta martxoaren 8an ez ezik urteko egun guztietan ere aldarrikatu beharreko balioak”.
Eskerrak eman nahi izan dizkiete espaloi zein balkoietatik desfilea babestu zuten guztiei, baina baita ere Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arartekoa eta babestera hirira etorri ziren alderdi politiko guztiei.
“Lanean jarraituko dugu, urtez urte zabal dadin irundarren arteko errespetua eta aitortza, gure hirian elkarbizitza eta normalizazioa behingoz nagusitu daitezen. Banantzen gaituen harresia gero eta ahulago dago”, diote Juntako kideek. Bizilagunek, parekidean desfilatu ala ez, dagoeneko agurra edo laguntasuna ukatzen ez dutela nabarmendu dute, norberaren iritziaren aurretik asko baitira errespetua, maitasuna eta aitortza lehenesten dutenak.
Amaitzeko, beste behin harrera ez egitea leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari. “XXI. mendean erabat lekuz kanpo dagoen mespretxutzat dugu”.