Lau egunez erromatarrek Irun bereganatuko dute
Dies Oiassonis jaialdia motorrak berotzen hasi da. Datorren astean hiriak 2.000 urtez atzera bidaia egingo du, antzinako Oiassora zehazki.
Hamargarren Dies Oiassonis jaialdia dagoeneko motorrak berotzen hasi da. Datorren astean hiriak 2.000 urtez atzera bidaia egingo du, antzinako Oiassora zehazki. Gaur aurkeztu dute egitarau osoa, Oiasso Museoan egindako agerraldian. Bertan, Irungo Udaleko Kultura saileko ordezkari Juncal Eizaguirrerekin batera, museoko ordezkari Maria Jose Noain, Felix Manso eta Iñaki Barros sukaldariak, Bidashop elkarteko Yon Gallardo eta Orlegi dendako langile Marta Echepare izan dira.
Dozenaka jarduera, ekitaldi eta emanaldi izango dira lau egunetan zehar. Bereziki, arrakasta gehien duen zirkuak aurten ere San Juan plaza hartuko du. Ikuskizunen ordutegia, ondorengoa: ostiralean 22:00etan, larunbatean 18:00etan eta 22:00etan eta igandean 13:00etan eta 18:00etan. Sarrerak hilaren 10etik (asteazkena) aurrera Turismo bulegoan edota ikuskizuna baino lehen sarreran bertan eskuratzeko aukera izango da (gaueko emanaldiak 5 euroan; egunekoak, 4 euroan).
Era berean, Oiasso Erromatar Museoa eta ingurua erromatarren garaira egokituko dute, goitik behera apainduko dituzte kale eta eraikinak. Gainera, museoan ohiko kanpamentua birsortuko dute aurten ere; jantziak, taktika militarrak, armak… Denetarik egongo da ikusgai.
Navigium, nagusia
Beste urte batez Navigium Isidis zeremonia izango da ekitaldi nagusietako bat. Isis jainkosa omenduko dute irundarrek, modu berezian. Hiriko auzoko elkarte ezberdinetako kideek hartuko dute parte prozesioan. Larunbatean izango da, 19:30tatik aurrera.
Erromatarren garaiko gastronomiak ere tokia izango du lau egunetan zehar. ‘Irun dastatu’ plataformak aurten ere ekitaldi mordoa antolatu ditu Irungo zenbait taberna eta jatetxetan. Hala, 24 tabernek ibilbide berezia prestatu dute, erromatarren garaiko pintxo ugari dastatzeko aukera izango da. Ibilbide berezia ostiralean (hilak 5) hasi eta hilaren 14ra bitarte (igandea da) luzatuko dute.
Jaialdi berezia biribiltzeko, 50tik gora postu jarriko dituzte Junkal plazatxotik San Juan plazaraino. Bertan, artisautza, jaki edota produktu ezberdinak erosteko aukera izango da. Amaitzeko, aurtengo berritasunen artean, San Martzial-Txingudi igerileku berriek jasoko dutena da. Urpeko arkeologiaren inguruko jarduera egingo dute hilaren 14an: 11:30tan lehenengo saioa egingo dute; bigarrena 16:00etan. Egitarau osoa, webgune honetan eskuragarri.