[Bideoa eta galeria] Uranzu berriko lehen betekada, goizekoa
Uranzu pilotaleku berritua gaur goizean inauguratu dute. Irundarren artean jakinmin handia eragin du, ikusi nahi zuten zer nola utzi duten frontoia.
Uranzu pilotaleku eraberritua inauguratu dute gaur goizean. Eder dago pilotalekua, ikusgarri, aurpegi garbitzea egin baino, pilotaleku zahar bat zegoen tokian beste berri bat egin dute. Pintura usaina du oraindik, berri-berri, herritarrak, kirolariak, pilotariak hartzeko zain. Beltzez margotu dituzte frontoiko pareta nagusiak, elegante. Handiki inauguratu dute. Kurpil Kirolak elkarteko kideek gidatu dute inaugurazio ekitaldia, izan ere, haiei esker ere egikaritu baita proiektua.
Kemen dantza taldekoek ohorezko agurra egin dute (bideoan), Atzokoak abesbatzakoen emanaldiarekin akustika egokia dela frogatu da, apaizak Angelusarekin beste garai batera eraman ditu bertan zeudenak, bertsolariek —Aitor Mendiluze eta Anjel Mari Peñagarikano— frontoiaren detaileekin ondu dituzte euren errimak… Eta ikusleak, asko, eta pozik. Jakinminez beteak. Bete-bete egin da Irungo kirol eta gizarte historia hurbilenaren lekuko izan den azpiegitura. Adi, orain sarrera Sargia parketik duela, ez Junkal kaletik.
Arratsaldean, 18:00etan, lehen pilotakadak (probakoak ez direnak) jasoko ditu Uranzuk, eskuz pilotako jaialdi handian. Lehen mailako pilotariek estreinatuko dute pilotaleku berria. Zehazki, Olaizola II-Albisu eta Irribarria-Zabaleta bikoteen arteko lehiaz gozatuko dute beratutakoek. Gainera, Victor-Imaz eta Jaka-L. Galarzaren arteko neurketa ere jokatuko dute bertan. Beste ohar bat: ez dago sarrerarik.
Hitz gehiago ez. Ikusi jarraian datozen bideoa eta irudiak Uranzu berria zer den ezagutzeko.