[Erreakzioak] Parte hartze historikoa aurtengo alarde parekidean
Sekulako babesa jaso du aurten ere alarde ez baztertzaileak. Inoizko desfilerik jendetsua izan da goizekoa; orotara, 1.800 partaide inguru izan ditu.
Sekulako babesa jaso du aurten ere alarde ez baztertzaileak. Inoizko desfilerik jendetsua izan da goizekoa; arrankada hasi baino lehen, San Martzial kaleko espaloiak lepo beteta egon dira. San Juan plazan ere harrera beroa jaso dute ehunka emakume eta gizonek. Orotara, 1.800 partaide inguru izan ditu aurtengoak.
Herritarrez gain, politikarien aldetik ere babesa jaso dute partaideek. Zehazki, Emakunde, Arartekoa, Ahal Dugu, EH Bildu eta Ezker Anitza Bidasoa talde politikoetako kideak izan dira. Gainera, Denis Itxaso (PSE-EE) eta EAJ taldeko Xabier Ezeizabarrenak ere harrera egin die alarde parekideari, tradizionala balkoitik ikusi ostean. Harekin batera, Eider Mendoz eta Irune Berasaluze jeltzaleak izan dira. Halere, Irungo EAJko kiderik ez da izan.
Bestalde, Jose Antonio Santanok aurten ere ez die harrerarik egin, uko egin dio berriz ere ehunka emakume eta gizonei aitorpena egitea. Halere, modu berezian agertu da alkatea, bikote batek hegan utzi duen pankarta batean bere irudia ikusi da, mistoarekiko alkateak duen jarrera salatzeko.
Udaletxeko arkupetan jaso du parekideak bandera, Oihana Briones Irungo EH Bilduko zinegotziaren eskutik. Txalo eta oihu zaparrada izugarria izan da orduan. Hona gaur goizean zehar HITZAk bildu dituen erreakzioak:
Maite Bergara (Alarde parekideko jenerala): “Dena primeran joan da. Zaldia pixka bat urduri dago, San Juan plazan beldurtu da, baina orain ibilbidean zehar lasaiago dago. San Martzial igoera telebistan ikusi dut eta jendetza aritu da, Junkaleko igoeran bezalaxe. Oso polita izaten ari da, izugarria, hunkigarria, plazer hutsa”.
Denis Itxaso (PSE-EEko Gipuzkoako ahalduna): “Erakundeei zubi lana egitea dagokie. Horrek esan nahi du bi alardeetan egon eta bi alardeak ikusi ahal izatea, bata bestea baino zilegiagoa edo eraginkorragoa iruditu arren. Dei egiten dugu ospakizun elkarbizitza eta berdintasunean oinarritutako parte hartzea uztartzera”.
Oihana Etxebarrieta (EH Bilduko legebiltzarkidea): “Jai ereduak moldatzen joan dira emakumearen parte hartzea posible egiteko, horren adibide dira Tolosako eta Antzuolako jaiak. Eskerrak eman nahi diegu orain dela 21 urte alarde parekidea martxan jarri zuten gizon eta emakumeei”.
Xabier Ezeizabarrena (EAJ): “Azpimarratuko nukeena da bi alardeak ikustera etorri garela eta benetan poza handiarekin ikusi ditugula, alaitasunez eta normaltasunez bermatu dira bi kasuetan.
Julia Hernandez (Arartekoa): “Tristuraz diot gaur ez dela berritasunik egon. Alkateak egoera normalizatzeko pausua eman behar du, egoera normalizatuko duen motorra izan behar du. Beharrezkoa da lehenik parekideari harrera egitea. Denek jarri behar dugu zerbait elkarrizketak has daitezen. Beti horren alde egon gara eta egongo gara”.
Izaskun Landaida (Emakundeko zuzendaria): “Gu historikoki etorri gara Irunera parekideari babes eta elkartasuna ematera. Tradizioek gure ustez herrien giza koesioterako elementu garrantzitsuak dira baina testuinguru historiko batzuetan sortzen dira eta egokitu behar dira garai berrietara, emakume eta gizonei eskubide berberak emateko.Eta hori ez da tradizioen kontra joatea, aberastea baizik. Horretarako uste dugu benetako elkarrizketa eraikitzailea beharrezkoa dela eta espero dugu udal gobernu berrian elkarrizketa hori bultzatzea eta egoera honi behin-betiko erantzun egokia ematea”.
Juan Karlos Izagirre (EH Bildu): “Zoriontzera ere etorri gara gaurkoan, jada 20 urte luzez emakume hauek berdintasunaren alde pausua eman zutenetik, eta uste dugu babesa erakutsi behar zaiela. Beti esaten dugu festak parekidetasunean bizi behar direla eta eskubide bat dela edozein emakumerena normaltasunean parte hartzea bere herriko festetan. Alkatea, diputatu nagusia eta lehendakaria falta dira gaur hemen. Alkateak eta ordezkari poltiikoek uzten dute hutsune hori betetzera etortzen gara. Horrela jarraituko dugu guzti hau normalizatu arte”.