Asteartean itsasoa liburutegiraino iritsiko da
'Moby Dick'-en zikloari begira eskulan tailerra egingo dute astearte goizean. Zuloaga Etxea apaindu nahi dute, itsaso bihurtu.
Uztailaren 2an, hurrengo asteartean, itsasoa Hondarribiko liburutegiraino sartuko da. Eta ez da bakarrik ura sartuko, baita arrainak ere, eta itsaskiak, eta plastikoa, eta dortokak, eta planktona, eta bale zuri handi bat…
Abuztuan 200 urte beteko dira Herman Melville idazlea sortu zela, eta bere liburu ezagunena den Moby Dick protagonista izango duen zikloa prestatzen ari da liburutegia, beste hainbat eragilerekin batera. Ekitaldi gehienak herriko festak eta gero egingo dituzte, udazkenean, baina aurretik hiruzpalau ekintza antolatu dituzte. Horien artean, Zuloaga Etxea itsaso bihurtzeko eskulan tailerra.
Asteartean egingo dute, 11:00etatik aurrera. Eta ez da haurrentzako bakarrik izango, 5 urtetik gorako edozeinentzat da. “Zatoz liburutegiko itsaso zabala bizitzaz betetzen laguntzera!” esan dute Zuloaga Etxeko itsas emakume eta gizonak. Hortxe gonbita. Has dadila ba, abentura!