PSE-EEren "negoziazio fartsarekin" jarraitzea baztertu du EAJk
Santanok behin eta berriro beste alderdiekin hitz egiteko prest zegoela gogoratu du Xabier Iridoy, eta "hitzak haizeak eraman" dituela.
Irungo EAJk jakinarazi duenez, atzo Xabier Iridoy bozeramaileak Irungo PSE-EE taldearekin hirugarren bilera egin du balizko akordioetara iristeko, Jose Antonio Santano alkatea bertan zelarik. Emaitzarekin ez daude batere baikor. “Ezer aurreratu ez dugun hirugarren bilera bat izan da, aurreko bileran eskatu zitzaiena ez dute bete, ez dizkigute proposamen zehatzik aurkeztu”, dio jeltzaleak.
Santanok behin eta berriro beste alderdiekin hitz egiteko prest zegoela esan zuela gogorarazi dute jeltzaleek, eta “hitzak haizeak eraman” dituela salatu dute. Astebete geroago talde sozialistak dokumentu generiko bat aurkeztu duela azaldu dute, “zehaztasunik gabe, eta ez du politika egiteko modua aldatu nahi”. Hori dela eta, “Irun eta bere pertsonekiko erantzukizunez jokatu” nahi duelako, EAJk erabat baztertu du PSE-EEren “negoziazio fartsa horrekin” aurrera jarraitzea, “alderdi sozialistak jarrera aldaketa bat erakusten ez duen bitartean”.
Era berean, oposiziotik aldaketaren buru izateko jarrera indartu du Iridoyk, eta aldaketa baten aldeko politikak garatzen lan egingo dutela zehaztu du. “Aldaketa eraikitzaile eta arduratsu baten alde lan egingo dugu, hirira ilusioa dakarrena eta Irunek merezi duena”.