Olatz Zabala eta Jon Urtizberea irundarrak, San Martzialen garaile
San Martzial mendira igoera egin zuten larunbatean. Bertan, Bidasoko korrikalariak izan ziren nagusi emakumeetan zein gizonetan.
San Martzialerako 43. Igoera egin zuten larunbatean, 3,6 kilometroko bide malkartsuarekin. 135 korrikalarik parte hartu zuten, iazko 110en aldean. Gora egin du partaidetzak, beraz. Horien artean azkarrenak Olatz Zabala emakumeetan eta Jon Urtizberea gizonetan izan ziren, biak etxekoak, irundarrak. Hori bakarrik ez, bi podium nagusietan Bidasoko korrikalariak izan ziren.
San Pedro eta San Martzial jaien harira egin dute aurten ere lasterketa historikoa. Motza da, baina latza. Gainera, bero egin zuen, baina hala ere, egin ziren markak onak izan ziren. Bidasoa Atletismo Taldeak (BAT) antolatzen duen herri lasterketa egoki joan zen, partaidetza eta giro aldetik.
Jarraian, emakumeen eta gizonen ohorezko postuak:
Emakumeak
- 1. Olatz Zabala (Irun) 17.23
- 2. Claudia Behobide (Hondarribia) 17.40
- 3. Monica Telletxea (Irun) 17.41
- 4. Carol Donoso (Irun) 18.42
- 5. Olatz Tristan (Irun) 18.43
Gizonak
- 1. Jon Urtizberea (Irun) 14.36
- 2. M’Barek Ait Benali (Hondarribia) 14.49
- 3. Victor Madejon (Irun) 14.56
- 4. Javier Sodupe (Irun) 15.11
- 5. Asier Landart (Irun) 15.26
Sailkapen osoa ikusteko sartu hemen. Jarraian, igoeraren hainbat argazki, BATek HITZAra bidalitakoak.
BATen beste berriak
Ekainaren 15ean BATen pistako emakumeen taldeak Espainiako Ohorezko Mailan mantentzea lortu zuen Madrilen, Estatuko mailarik gorenean izango da, beraz, 2020ko pistako sasoian. Jaitsierako kanporaketa izan zen, eta puntu bakarragatik lortu zuten BATgirls bezala ezagutzen diren taldekoek salbazioa. Bertako marka bat aipatzeko modukoa dela adierazi dute BATeko kideek: 4×400 erreleboan, Gipuzkoako errekorra egin zuten bidasoarrek, hain zuzen, 1983tik gainditu gabe zegoen errekorra: 3 minutum 50 segundo eta 30 ehunekotan utzi dute herrialdeko marka errelebo luzeen lasterketa horretan. Marka horri esker, puntu asko pilatu zituzten BATeko emakumeek, maila mantentzea ahalbidetuz.
Bestalde, Irune Muguruza taldekidea, Espainiako 18 urtez azpikoen selekziora deitua izan da, maila horretako Kopa Iberikoa jokatzeko Madrilen hilaren 29an. Hesien 400 metroko lasterketan parte hartuko du.