Mikel Orbañanos: "Aurreneko helburu bezala jarri behar dugu hor aurrean ibiltzea"
Orbañanosek kontratu berrituarekin ekingo dio aurten ere gizonen traineru nagusia gidatzeari. Sasoi latza izango dela dio.
Apirilean beste bi urtez luzatu zenuen kontratua Hondarribia Arraun Elkartearekin. 2021-ean 20 urte beteko dituzu klubean, aurten zortzigarrena duzu lehen traineruko entrenatzaile bezala. Argi dago konfiantza dutela zugan.
Bai. Egia esan nire aldetik oso pozik nago. Kontratua luzatzeak esan nahi du nirekin gustura daudela, eta aurrera jarraitzeko ni ere beraiekin gustura nago. Gainera, zuzendaritzak beste lau urteko konpromisoa hartu du jarraitzeko, eta niretzat laguntza izango da hori. Gustura gaude bi aldeak, bai.
Horrek berresten du Hondarribia Arraunen proiektua ez dela urte batetik bestera aldatzen, epe luzeko proiektua dela. Eta zu, horren irudi bilakatu zara, proiektu horren aurpegia…
Bai, hala da, baina nik bezala jende askok urte asko daramatza hemen eta beraien meritua ere bada proiektua. Finean, familia bat bezala gara eta familia gisako lan dinamika bat dugu. Horren ondorio nagusia da gustura egotea, eta hainbeste urte elkarrekin egotea.
Presarik gabeko dinamika horretan, arraunlari taldean nobedade gutxi egotea seinale ona izaten da, alta eta baja gutxi egotea. Nolako taldea izango duzu aurten, aurreko urtearekin alderatuta?
Momentuz aurreko urteko ia talde guztia mantendu dugu. Agoitz Irazokiren baja dugu, baja garrantzitsua da, baina oso pozik gaude gehienek jarraitzen dutelako, eta horrek erakusten duelako jendea gustura dabilela hemen arraunean. Iruditzen zait arraunlariak gustura izateak indar handia daukala arraun elkarte bat aurrera eramateko orduan.
Bihar hasiko da Eusko Label Liga. Nola iritsi zarete sasoiz? Nola joan da zuen negua?
Nahiko ondo. Aurreko urteei begira dinamika nahiko igualtxoekin aritu gara lanean, eta oso pozik gaude egin dugunarekin. Gertatzen dena da aurkariek ere gauzak oso ondo egin dituztela, eta beti ere aurkari gero eta gehiago juntatzen ari zaizkigu. Horrek esan nahi du irabaztea ez dela erraza izango, baina aurreneko helburu bezala jarri behar dugu hor aurrean onenekin ibiltzea, eta hala ibiltzea lortzen badugu, iruditzen zait tarteka garaipenak iritsiko direla.
Bermeo eta Hondarribia arteko lehia hori, aurreko urteotako inertzia iaz ere mantendu zen. Aurten ematen du beste aurkari batzuk ere indartsu daudela, Bou Bizkaia eta Go Fit Hondarribia-rekin lehiatzeko moduan. Zuk zeintzuk ikusten dituzu indartsuen?
Aurreko estropadak ikusita ematen du baietz, aurten hautagai gehiago izango garela. Lehengo urtetik bai Donostiarrak eta bai Santurtzik gorakada bat jo dute, Ondarroa ere iruditzen zait erdi maila horretatik gora begira ari dela, eta ikusi egin behar atzetik beste sorpresaren bat iristen den. Eta lehengo urteko ohorezko txandan ibili ginenak, Zierbena, Orio, Urdaibai eta gu, horiek ere iruditzen zait hautagaiak izango garela lau aurrenengoetan ibiltzeko. Baina lehen esan dizudan bezala, irabaztea ez da erraza izango eta ohorezko txandan sartzeko ere iruditzen zait hautagai asko dagoela lau postuetarako bakarrik, eta segur aski hori ere ez dela erraza izango.
Hori horrela, zein garrantzia du liga ondo hasteak?
Handia, dinamika on batean hasteko garantia ematen dizulako. Bai lanerako, eta bai mutilen beraien konfiantzarako. Baina ikusita berdintasun handia dagoela aldaketak egon daitezke estropadatik estropadara. Horrek esan nahi du burua hotz mantendu behar dugula, eta fidelak izan behar dugula gure lan egiteko estiloarekin.
Zaleari ere esan behar zaio burua hotz mantentzeko? Azken urteetan garaipen asko ospatzera ohitu da eta.
Bai, hala da. Oso urte onak izan ditugu azken hauek, baina egin ditugun horiek ez gaituzte presioz kargatu behar berriz ere berdina egiteko. Egin dugun guztiarekin disfrutatu dugu, eta gure ilusioa izango da aurreko urteetan bezala ibiltzea, dudarik gabe, baina hemen irabazi batek egiten du, eta lehen aipatu ditugun hautagai guzti horiek baldin badira, pentsa ez dela erraza izango. Helburua, aurrena, hor aurrean ibiltzea da.
Polita behintzat izango da udara, hala ematen du, ez?
Ikuslearentzat seguru, arraunaren jarraitzaileentzat uda polita izateko aukera ziurtatuta dago.