Iker Cortes: "Trainerura salto egiteko grina piztu nahi diegu klubeko gazteei"
Hondarribiko emakumeen traineruaren entrenatzaileak adierazi du iazko trainerua baino pixka bat indartsuagoa dela aurtengoa.
Bihar, larunbatez, hasiko da traineruen Euskotren Liga. I. Repsol Banderak abiatuko du Santanderren udarako erregulartasunaren lehia nagusia. Biharamunean, Lekeition uretaratuko dira emakumeen ontziak, III. El Correo-Kutxabank Bandera jokoan.
Lau traineru nor baino nor, Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Bertako Igogailuak Hondarribia. Berdeak bigarrenez hartuko dute parte lehen mailan, eta iazko helburu berberarekin egingo dute, laugarren ez geratzea. Iker Cortes Hondarribiko emakumeen traineruaren entrenatzaileak adierazi du iazko trainerua baino pixka bat indartsuagoa dela aurtengoa.
Pasai Donibaneko Bateleren hutsuneari esker EuskoTren Ligan errepikatuko du Bertako Hondarribia-k. Zertan baldintzatu dizue horrek, esaterako, neguko prestaketan?
Pixka bat aldrebesa izan da prestakuntzari begira, hasieran ETE Ligan jokatzeko ari ginelako prestatzen eta azkenean EuskoTren ligan jokatu behar dugulako. Noski, ez da gauza bera entrenamenduak mailaz igotzeko asmoarekin planteatzea, edo mailaz ez jaisteko prestatu behar izatea, oso desberdina da egin behar den lana. Baina hala ere pozik gaude berriro EuskoTrenen ariko garelako, eta gogotsu.
Aldaketa asko izan al dira taldean? Nolako taldea osatu duzu aurten?
Iazko taldearen antzerakoa da, baina pixka bat indartsuagoa. Nerea Perez, Nerea Seijo, Amaia Etxabeguren, Irati Gaztelumendi eta Nora Irazusta etorri dira. Hauez gain, beste bi arraunlari berri hasi dira gurekin. Lan polita egiteko moduko taldea dugula uste dut, iaz baino zertxobait hobeto ariko garela uste dut.
Bigarrenez arituko zarete EuskoTren Ligan. Zein helburu izango duzue aurten?
Lehen helburua ezinbestean azkeneko postua ekiditea izango da, hurrengo urtean ere maila gorenean egon ahal izateko. Horrez gain, Hondarribia Arraun Elkartean aritzen diren gazteei, aulki mugikorrean ibiltzen direnei, trainerura salto egiteko grina piztu nahi diegu. Hurrengo urteetan beraien beharra izango dugu, beraiek eutsiko diote proiektuari.
Lau ontzi lehiatuko zarete EuskoTren Ligan eta lehen hiruren artean sailkatzea da helburua. Nola ikusi dituzu aurkariak orain arte?
Badirudi Orio besteen gainetik egongo dela, talde sendoa dute eta zaila izango da haiei aurre egitea. Arraun Lagunak-ek ere gu baino bloke sendoagoa duela uste dut, baita esperientzia gehiago ere, eta seguru ondo ibiliko direla. Eta azkenik, Donostiarra dago. Neguko testen arabera behintzat, gurekin borrokan egongo dela uste dut, hala ematen du. Baina gauza bat da orain arte ikusi duguna, eta beste bat hilaren 29tik aurrera gertatuko dena.
Aurreko urtean sufritzea tokatu zitzaizuen, batez ere bigarren erdian. Pentsatu al zenuten noizbait, hobe izango litzatekeela EuskoTrenen baino koska bat beherago egotea? Banderengatik lehiatzeko, estropadaren bat irabazteko...
Ez, horretan ez genuen zalantzarik eduki. Beti izango da hobea goi mailan egotea, nahiz eta asko sufritu, beherago egotea baino. Finean, klubeko gazteentzat trainerua erakargarri egin nahi dugu, hori da gure helburu nagusia, eta hori lortzeko telebistan agertzeak eta maila gorenean ibiltzeak asko laguntzen duela uste dut.
Liga luzea da, eta Kontxa dator gero. Iaz ez zenuten sailkatzea lortu. Prestakuntzan zerbait desberdina egingo duzue Kontxari begira?
Ez dut uste arazoa prestakuntza izan zenik. Ez genuen lortu geure buruaren kontra lehiatzea, hori gertatu zitzaigun. Esperientzia gutxiko neskak ziren eta presio hori ez genuen ondo kudeatu. Espero dut aurten berdina ez gertatzea.
Bertako Igogailuak Hondarribia
- Jone Amunarriz (harrobikoa). 6 urte elkartean.
- Ane Bayo (harrobikoa). Urte bat elkartean.
- Natalia Diaz (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Ane Diaz (harrobikoa). 8 urte elkartean.
- Amaia Etxabeguren (ez berezkoa). Iritsi berria.
- Garazi Ezquerro (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Intza Fernandez (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Irati Gaztelumendi (ez berezkoa).
- Miren Idarreta (harrobikoa). 3 urte elkartean.
- Nora Irazusta (ez berezkoa).
- Nerea Itxaso (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Nerea Lopez (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Jasone Mitxelena (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
- Ainara Palenzuela (harrobikoa). 8 urte elkartean.
- Maider Peñalba (harrobikoa).
- Ania Perez (harrobikoa).
- Nerea Perez (ez berezkoa).
- Itziar Rezola (harrobikoa). Urte bat elkartean.
- Cristina Tacu (ez berezkoa). Urte bat elkartean.
Entrenatzailea: Iker Cortes