Harrobi filosofia, muturreraino
Hondarribia hiru ontzirekin lehiatuko da. ‘Ama Guadalupekoa’-k aurrean ibiltzea du helburu, emakumeek mailari eustea, eta txotxuek, jauzirako prestatzea.
Baldin badago Kantauri itsasoan harrobiko lanaren adierazgarri izateagatik bereizi den klub bat, hori Hondarribia Arraun Elkartea (HAE) da. Klubaren erakusleiho den Ama Guadalupekoa gizonen ontziak ondo islatzen du taldearen filosofia zein den. Bihar Bilbon hasiko den Eusko Label Ligako ekitaldi berrian Mikel Orbañanosek bere aginduetara izango dituen 22 arraunlarietatik, hamabost harrobikoak dira, eta beste bost berezkoak, klubean hiru urte edo gehiago eman dituztenak. Zenbaki harrigarriak dira.
Berdeak loraldia bizitzen ari dira, gainera: 2012 urtetik hona bi liga, bi Kontxa, Espainiako bi txapelketa, Euskadiko beste horrenbeste, eta Gipuzkoako lau irabazi dituzte. Eta dozenaka bandera, ligakoak eta ligakoak ez direnak. Harrobiak urrezko uzta eman duela sinetsita dago Joxemi Elduaien Hondarribia Arraun Elkarteko presidentea: «Aurrekontuaren zati handi bat
Halaber, azken bi urteetan egoera ekonomikoa hobetu du taldeak. Gehienekin alderatuta ez zegoen gaizki, baina babesle nagusiak galduta bizpahiru urtez zailtasunak izan zituen aurrekontuak egoki ixteko. Iaz Go Fit gimnasio katearekin [gizonen trainerua babesteko] eta Bertako Igogailuak enpresarekin [emakumeena babesteko] hitzarmenak sinatu zituen HAEk, eta zuzendaritzari beste patxada bat eman dio horrek: «Denok badakigu zein inportantea diren zenbakiak. Hauek lortuz gero arreta eta indar gehiago jartzen duzu kirol arloan soilik».
Kirol arloan kexatzeko arrazoi gehiegirik ez du presidenteak. Emaitza bikainak izanagatik ere, zaila da beste klub bat etortzea arraunlari bila: «Gure arraunlariak gutxitan joan izan dira beste elkarteetara. Joan direnak, hondarribiarrak ez zirelako eta gainera beraien elkarteetara bueltatu direlako».
Aurten, esaterako, baja bakarra izan du Mikel Orbañanosen kuadrillak, Agoitz Irazoki lesakarra, lan kontuengatik. Altak, aldiz, hiru: urtebeteko atsedena eta gero itzuli den Julen Castrillon, B ontzitik igo den Beñat Amunarriz, eta azken urteak Zierbenan eman dituen Adrian Gonzalez kantabriarra.
Zaila izango dute emaitzei eustea, eta presidenteak brometan esan du «aurreko urteko denboraldia errepikatzearekin» konformatzen dela. Serioago jarrita, urteko helburuak zehaztu ditu Elduaienek: «Ohorezko txanda horretan aritzea eta banderak borrokatzea, egun ezin da askoz gehiago eskatu. Geroz eta talde gehiago dago goiko multzo horretan, konpetentzia izugarria da». Hori eta klubeko izaerari eutsi: «Guk gure harrobiko filosofiarekin jarraitu eta eginahalak egin!».
Neskak, urratsez urrats
Noizbait gizonen lehen traineruak egun duen distira izatea amesten dute Bertako Igogailuak Hondarribia ontzian bogatzen duten arraunlariek. Iaz berreskuratu zuten emakumeen ontzia eta, ezustean, EuskoTren ligarako sailkatzea lortu zuten. Maila galdu zuten, ordea. Aurten, baina, berriro lehiatuko dira maila gorenean, Koxtape-San Juanek utzitako hutsunea betez. Uretan lortu ez duten arren, albiste oso ona da elkartearentzat. «Goi mailan aritzea gauza handia da elkartearentzat. Proiektu honi egonkortasuna ematea».
Egonkortasun hitza behin baino gehiagotan erabili du HAEko presidenteak emakumeen ontziaz hitz egiteko, helburua traineruak irautea delako: «Hondarribia batek nesken trainerua normaltasunez izan behar du, hau da, urtez urte finkatuta eta trainerua uretan. Ematen duen kirol maila ez da lehentasuna, bai ordea egonkortasuna eta fidagarritasuna uretan aritzeko».
Urratsez urrats egin nahi dute bidea, hala onartu du Elduaienek, presarik gabe: «Pausu horiek urtez urte eman behar dira. Aurten beste pauso bat eman dugu, aurrera begira eta bide onetik, gure helburua bete nahian». Gutxi barru, aulki mugikorreko gazteek trainerura jauzi egiteko aukera izango dute, eta horrek sendotasuna eta etorkizuna emango dio emakumeen ontziari. «Ea urte batzuk barru proiektua egonkortu dela esaten dizudan».
Txotxuak, KAE2n
Bihar hasiko da Eusko Label Liga, eta hurrengo asteburuan da EuskoTrenek babesten duen emakumeen txapelketa nagusia. Gizonen beheko mailak, KAE1 eta KAE2 ligak, dagoeneko martxan dira. Hondarribia KAE2an ari da lehiatzen, eta Erandioko lehen estropadan hirugarren sailkatu ziren txotxuak, Getxo eta Orio Bren atzetik.
Duela bi urte maila galdu zuten eta arraunlari asko ontzitik jaitsi zen. Asier Puertasek hartu zuen proiektuaren ardura eta elkarteko gazteekin osatu zituen hutsuneak. Lan txukuna egin zuten, seigarren sailkatuz.
Maila batean ala bestean egon, klubean argi dute zein den B ontziaren helburua. «Gazteentzat tranpolina izatea noizbait A ontzira sartzeko». Noski, lehen ontzian daudenen baimenarekin, eta ez da gauza erraza: «Gutxi batzuk lortuko dute eta beste askok ez, baina behar-beharrezko erdi mailako pausua da».
ELKARRIZKETAK