Sanmartzialek badute prebentzio plana
Udalak eta hiriko zenbait elkarte feministek jaietan arriskuak gutxitzeko zenbait gomendio emateaz gain, neurri zehatzak aurkeztu dituzte.
San Pedro eta San Martzial jaien atarian, Irungo Udalak, hiriko zenbait elkarte feministekin batera, aurtengo sanmartzial jaietarako osatu duen prebentzio dispositiboa aurkeztu du. Zehazki, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak Berdintasunaren Alde, Uxoa, I-Romi eta M-8 asanbladak hartu dute edonolako arazoak ekiditeko aurtengo kanpainaren osatze lanetan. Jaietarako aholkuak emateaz gain, gazteenen artean arriskuak gutxitzeko zenbait jarduera egingo dituzte.
Lehenik, gazteek edari alkoholdunen kontsumoa arduraz egin dezaten, datorren larunbateko (hilak 22) Ficobako bazkarian alkoholemia prebentiboak egiteko aukera izango dela jakinarazi dute. Gainera, bertan ere legearen eta edatearen inguruko informazioa jaso ahalko dute nahi duten irundarrek. Gainera, aurten ere Testing programa martxan jarriko dutela jakinarazi dute udaletik. Hala, Aialaket elkarteak informazio postu bat jarriko du, drogen kontsumoaren inguruko informazio guztiarekin. Era berean, hilaren 30eko Urdanibia plazan gazteenen alkohol kontsumoa murrizteko ekintza ugari egingo dituzte, Botiltzarra programaren barruan.
Indarkeria matxista
Bereziki indarkeria matxista kasuetan jarri dute begirada aurten ere udaletik. Edonolako indarkeria matxista kasu ekiditeko eta ematen badira erantzun egokia emateko ere protokoloa osatu dute; zenbait neurri zehatz hartu dituzte. Dagoeneko hiriko tabernariei, Bidashop eta Mugan taldeetako kideei eta txosnaguneko zein herri bazkariko antolatzaileei protokoloa jasotzen duen dokumentua helarazi diete.
Lehenik, eraso bat ikusi ezkero, aholkularitza eta laguntza zerbitzua izango dela diote udaleko teknikariek. Hala, 607 070 202 telefonoa bihartik (hilak 21) uztailaren 1era bitarte eskuragarri izango da. Gainera, informazio puntu bat ere jarriko dutela jakinarazi dute Udaleko Ongizate sailetik. Halaber, Ez beti da ez esaldirekin ahozapiak banatuko dituzte datozen egunotan.
Amaitzeko, ekainaren 28ko LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira ere zenbait ekintza antolatu dituzte. 7×5 metro luzerako ortzadar erraldoia zintzilikatuko dute udaletxeko balkoian, eta horma kolore horiekin apainduko dute. Era berean, Gehitu elkarteak postu berezia jarriko du egun horretan Urdanibia plazan, 20:30tatik 23:00tara.