Klara Olazabal bederatzigarren izan da Munduko Kopako lehenengo proban
Santiagotarrakeko Ander Elosegi (C1), Klara Olazabal (C1) eta Joan Crespo (K1) lehiatu ziren Londreseko Lee Valleyko kanalean jokatutako Eslalomeko Munduko Kopan.
Pasa den asteburuan, Londreseko Lee Valleyko kanalean Eslalomeko Munduko Kopako lehenengo proba jokatu zuten Santiagotarrak taldeko kirolariek. Bertan, nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko txartela lortu duten Santiagotarrakeko hiru kirolari lehiatu ziren, Ander Elosegi (C1), Klara Olazabal (C1) eta Joan Crespo (K1) hain zuzen ere.
Hiruek lortu zuten finalerdietarako sailkatzea, baina soilik Olazabalek lortu zuen finalera pasatzea, finalerdietan hamargarren postua eskuratu ostean. Finalean, parte hartze bikaina izan zuen, modalitateko onenekin lehiatu ondoren, bederatzigarren postuan sailkatu baitzen. Elosegik, aldiz, jaitsiera ona egin arren, ate bat ukitzeak hamahirugarren postuan utzi zuen, hortaz, finaletik kanpo. Crespo hogeita hirugarrena izan zen finalerdietan.
Hurrengo hitzordua datorren asteburuan izango dute Santiagotarrakeko kirolariek, Bratislavan, Munduko Kopako bigarren proban.