Mikel Garcia Idiakez: «Afrikarrek oso errotuta dute hemen paradisurako atea dutela»
Pape Niang senegaldarraren istorioa ‘Hasiera berri bat’ liburuan bildu du 'Argia'-ko kazetari irundarrak. ‘Inor ez da ilegala’ proiektuaren barruan sortu dute, migratzaileen errealitatea gertuagotik ezagutzeko.
Nola sortu zen liburua idazteko ideia?
Inor ez da ilegala proiektuaren barruan sortu genuen. 2018an Bilbora joan nintzen erreportaje bat egitera, hango kale saltzaile senegaldarren eta haiei aplikatutako lege bidegabearen ingurukoa. Hor ezagutu genuen Bilboko senegaldarren Mbolo elkartea, eta hasiera batean erreportajea baino ez zena, elkarlan eder baten abiapuntua bihurtu zen.
Nola ezagutu zenuten elkar?
Pape Niang, Mbolo elkarteko lehendakaria da. Elkartearekin elkarlanean hasi ginenean bide horretan Pape ezagutu nuen, eta gerora bere historia.
Argira atera behar zuen istorioa zen?
Bai, iruditu zitzaigun liburura eramateko modukoa zela. Ikusi genuen Papek daukan historiak harrapatzen zaituela, bizitza oso interesgarria da, oso gogorra eta ezagutzeko modukoa. Eta horrez gain, Papek badauka sekulako gaitasuna komunikatzeko eta bere gogoetak eta hausnarketak helarazteko. Horrek ere liburua asko aberastu du. Migrazioari, berak bizi izandakoari, eta berak daukan mundu ikuskerari buruzko gogoeta bat ere bada, hori ere tartekatzen du liburuak. Nire ustez oso aberasgarria da, migrazio prozesuan emandako bidaia fisikoaz gain, barne bidaia bat ere egiten du Papek.
Nolakoa izan da prozesua?
Astero Bilboko SOS Arrazakeriaren egoitzan elkartzen ginen, etxean bezala egia esan, oso ondo tratatu gaituzte. Eta elkarrizketa bat baino gehiago, esango nuke, solasaldi bat zela, berak bere bizitzako pasarteak kontatzen zituen eta joaten ginen ahal genuen neurrian kronologikoki kontatzen. Eztabaida, bizitza, sentimenduak, mundua nola ikusten duen… Gai ezberdinen gainean aritu gara, eta gero izan da hori guztia liburura eramatea. Niretzako gozamena izan da, oso ongi pasatu dut eta horrekin geratzen naiz.
Senegaldik Bilbora. Zenbatean zeharkatu zuen protagonistak distantzia hori?
Bide luze horretan bi zati bereiziko nituzke. Alde batetik Afrika iparraldea zeharkatzeko pasa zuen denbora, alegia, Senegaldik Marokoraino. Berak kontatzen du nola jaioterritik diruarekin atera zen, baina Marokora iristerako ia dirurik gabe geratu zela, tartean poliziaren ustelkeria dela-eta, eta ordaintzen joan behar dutelako aurrera egin ahal izateko. Gero, lana bilatu behar izan zuen, oso baldintza txarretan gainera. Senegaldik atera bezain pronto migratzaile bihurtu zen. Batzuetan iruditzen zaigu soilik Europan direla migratzaileak, baina Afrikan bertan ere, euren herrialdeetatik ateratzean ere migratzaile bihurtzen dira, migratzaile etiketak daraman zama guztiarekin. Eta gero bigarren zatia izango litzateke Mediterraneoa zeharkatzea, pateran. Nahiko pasarte lazgarria da, ez dut espoilerrik egingo. Ondoren, Barbatera iritsi zen, eta kasu honetan, hortik Bilbora.
«Migratzaile beltza izatea umiliazioaren eta prekarietatearen sinonimo da»
Oztopoz beteriko bidea izan zen, ezta?
Zalantzarik gabe. Papek dio migrazioa negozio itzela dela, esaten du migrazioaren negozioan galtzen ateratzen den bakarra migratzailea dela, patera hartzen duen eta gainera bere bizitza arriskuan jartzen duen hori, eta gainerako guztiak irabazten ateratzen direla. Hor ustelkeria izugarria dago. Hark esaten du migratzaile beltza izatea prekarietatearen eta umiliazioaren sinonimoa dela. Oztopoak sekulakoak eta trabak denak; orduan, aurrera egiteko sekulako indarra behar da eta jendea diruarekin ateratzen da. Badirudi hemen askotan dugula migratzailearen estereotipo hori, gerratik, jazarpenetik ihesi edo miseria gorrian dagoela. Bada ez duzu zertan miseria gorrian egon abiatzeko, segur aski miseria gorrian dagoenak ez dauka indarrik horrelako bidaia bati aurre egiteko. Batzuetan bada jendea diru apur batekin bizitza hobe baten bila abiatzen dena, eta nik uste liburuaren mezua ere badela hori, batzuetan ematen du saiatzen garela lehenengo eta bigarren mailako migratzaileak sailkatzen, eta epaitzen zeinek daukan eskubidea etortzeko. Gerra batetik baldin bazatoz bai, baina miseria gorrian ez bazaude, ez; horrela funtzionatzen du. Gu ez gara nor epaitzeko, migratzaileak eskubidea du munduan zehar mugitzeko, guk egiten dugun bezalaxe.
Euskal Herrira iristean, Bilbora zehazki, hasiera berri hori hark espero zuena izan zen?
Tamalez, ez. Papek maiz dio hona iristean jendea ikusten zuela zaborretik janaria hartzen eta ez bakarrik migratzaileak. Egoera zaurgarrian jende gehiago badago. Guztiz desitxuratuta daukate Europaren irudia, hedabideetan jasotzen dutenagatik eta baita ere agian hona etorritako migratzaileek beti ere ez dutelako egia guztia esaten, lotsagatik edo auskalo zergatik. Papek esaten du berak beti egia esaten duela, ‘ez etorri hona oso zaila eta gogorra da’ esaten diela ezagunei, baina ez dutela sinisten. Afrikarrek oso errotuta dute Europa paradisurako ate bat dela. Gero hona etorri, eta berehala konturatzen dira ez dela espero zutena.
Pape Niangek kontatutako istorio horietatik guztietatik, zerk markatu zaitu gehien?
Pateraren pasartea nik uste dut latza dela, egia da baita ere ezagunagoa egiten zaigula. Gero, asko markatu nau Bilbon berak bizitu dituen esperientziak. Hortxe utziko dut, baina egia da Bilbon kontatzen dituenak arrazakeriari, baina aldi berean elkartasunari begira oso interesagarriak direla. Migratzaileek jasotako harrera horrek islatzen du zein gizarte den gurea, eta Papek pista batzuk ematen dizkigu gure gizartea nolakoa den marrazteko.
Niangez gain, bestelako zenbait migratzaileren hitzak ere jaso dituzu lanean, ezta?
Istorioa Paperena da, baina epilogoan beharrezkoa ikusi dut Afrikatik migratzen duten emakumeen esperientzia ere islatzea. Zipriztin batzuk besterik ez dira, zertzelada batzuk, baina uste dut beharrezkoa zela. Migrazio bakoitza mundu bat den arren, eta migrazio prozesuek amankomunean elementu asko dituzten arren, egia da emakume migratzaileek ezaugarri berezi batzuk badituztela, biolentzia asko jasaten dutela eta beraien migrazio prozesua are latzagoa dela. Hori ere nolabait liburuan agertzea nahi nuen. Uste dut garrantzitsua dela eta ikusten dudana da hor badagoela beste liburu bat zalantzarik gabe, Afrikatik migratzen duten emakumeen esperientziaren gainekoa.
«Papek pista batzuk ematen dizkigu gure gizartea nolakoa den marrazteko»
Bide luze horretan pertsona asko Irundik igarotzen dira, azken urtean bereziki. Irun harrera hiria dela erakutsi dute herritarrek.
Eredugarria iruditzen zait Irungo Harrera Sarearen lana. Kanpotik begiratuta zalantzarik gabe iruditzen zait kristoren mugimendu herritarra sortu zutela Lakaxitan. Gainera, sekulako lana egiten dute, ez bakarrik elkartasunari begira, baizik eta administrazioak bere gain hartzen ez duen lan hori egin, eta ikusgarri bihurtzen afera hori. Batzuetan nahiago dugu beste aldera begiratu eta errealitate hori ez dagoela pentsatu, baina adibidez, San Juan plazan jartzearen ideia izugarria iruditzen zait, gizarte honen parte direlako eta ez dugulako zertan ezkutatzen ibili behar. Salaketa mezua ere uste dut oso potentea dela. Gogor dabiltza lanean administrazioari kontu eske haien ardurak har ditzaten. Sentsibilizazio aldetik ere sekulako lana egiten ari dira. Eta ziurrenik migratzaileentzako garrantzitsuena; noraez horretan iristen direnean Martindozenea non dagoen erakusten diete, hor ere lan oso indartsua egiten ari dira zalantzarik gabe.
Erakundeen aldetik babes falta dagoela salatu dute behin eta berriz sareko kideek.
Eta hala da, nik uste dut diskurtso ponposo asko dagoela administraziotik, batzuetan hori ere ez, zuzenean ikusi dugulako eskuin muturraren diskurtsoa ere oso barneratua dutela zenbait alderdik, eta gainera lotsagabe darabiltela. Baina diskurtso ponposoak egiten dituztenen atzean ez dago benetako neurri eraginkorrik, legeak ikustea besterik ez dago. Migrazio politikak kriminalak dira, klandestinitatera eta ilegalitatera behartzen dituzte migratzaileak. Gainera, kasuak ikusi ditugu Irungo Harrera Sareak berak salatuta, sarri berehalako itzulketak eta horrelako gauzak gertatzen direla Santiago zubi inguruan. Legeak ez ditu migratzaileak babesten, egoera zaurgarrian daude eta gainera babes txiki hori ez da betetzen. Administrazioak, sarri, hitzak besterik ez ditu. Egoerari bira emateko sakonera jo behar dugu, eta abiapuntura, eta Papek berak beti esaten duena da Afrikan ez dagoela pobrea den herrialderik. Dituzten baliabide naturalekin ondo gestionatu eta gauzak ongi eginez gero, eta utziko baliete noski, herritarrak pozik, zoriontsu eta bizitzeko nahikoa izango luketela. Baina neokolonialismoa oso presente dago oraindik eta Europatik Afrikako baliabide guztiak ustiatzen ditugu, lotsagarria da. Europako multinazionalek sarri bihurtzen dituzte Afrikako agintariak txotxongilo huts, eta bertako aberastasuna herritarrentzako izan beharrean kanpora joaten da. Azkenean guk zein ardura eta erantzukizun dugun ongi aztertu eta hori bideratu arte zaila izango da egoerari buelta ematea. Argi dagoena da erdigunera ekarri behar dugula migrazioaren gaia.
Irakurleek interesa balute, non eskura dezakete liburua?
Bi modutara eskura daiteke liburua. Argia.eus/azoka webgunean, edo bestela zuzenean 943 371 545 telefono zenbakira deituz.