"Alternatibaren aldeko mezuak zabaldu ondoren, adierazpen guztiak ahaztu dituztela dirudi"
Irungo EH Bilduk, maiatzaren 26ko hauteskundeen balorazioa egiteaz gain, EAJ eta PSE-EEren arteko ituna gogor salatu du.
Irungo EH Bilduk hauteskundeen balorazioa egin berri du. Horrez gain, EAJ-PSE-EEren arteko hitzarmena gogor salatu du Jokin Melida alkategaiak eta datozen lau urteetan koalizioa “erabakigarri” izango dela dio, aldaketaren alde lan egiten jarraitzeko.
Joan den maiatzaren 26an Euskal Herri mailan lortutako emaitzak “paregabeak” izan zirela diote EH Bildutik. Irunen, aurreko hauteskundeetan baino ia 500 boto gehiago lortuta, “igoera handia” izan dutela diote, laugarren zinegotzia eskuratzea bozka gutxitara geratu arren. Hala, datozen lau urteetan taldea “erabakigarri” izango dela argi dute hiriko politikariek. “Argi dugu ere, gure egitekoa zein izango den; herritarren bizi baldintzak hobetzearen alde lanean jarraitzea, interes orokorra partikularren edo alderdiarenaren aurretik jarriz”.
Euskal Herri mailan ematen ari diren EAJ eta PSE-EEren arteko ituna “atzerapausoa” dela nabarmendu dute koalizioko kideek. “Itun hori ez da ez ezkerrekoa, ezta subiranista ere”. Azken urteetan itun horrek gaitasunik ez duela frogatu dela diote, “freno” bat izan dela gizarte politiketan sakontzeko. Itun horrek herri bakoitzeko errealitateari erantzuten ez diola salatu dute, eta Irungo kasuan are nabarmenagoa dela. “Kanpainan behin eta berriro alternatiba bultzatzearen aldeko mezuak zabaldu ondoren, adierazpen guztiak ahaztu dituztela dirudi eta herrian elkar ezinikusia duten bi alderdik orokortutako itunari men egingo diote”.
Amaitzeko, politika gertutasunetik egin daitekeela erakutsi dutela dio bozeramaileak, akordioetara iristeko ahalmena dutela. Irunek politika egiteko modu berriak behar dituela diote, eta bide horretan, aldaketaren alde lan egiten jarraituko dutela.