Irungo euskal preso ohi baten kontrako "neurri errepresiboak" salatzera deitu du Sortuk
112.000 euroko isuna jaso zuen irundarrak, hortaz, hilero 530 euro kentzen dizkiote soldatatik, eta etxea ere enbargatu diotela salatu dute. Egoera salatzeko, Babes Eguna egingo dute larunbatean.
Irungo Sortuk irundar euskal preso ohi batek egun pairatzen duen egoera salatzera deitu du. 2018ko maiatzean Espainiako Audientzia Nazionalak eta Guardia Zibilak elkarrekin egindako operazio baten ostean 60 bat euskal preso ohiren aurkako “neurri errepresiboak” hartu zituztela gogoratu dute, eta ondorioz, besteak beste, banku kontuen zein soldataren esku hartzea eta ondasunen enbargoak egin zizkietela.
Haien artean irundar bat aurkitzen dela diote; 112.000 euroko isuna ezarri zioten, hortaz, hilero 530 euro kentzen dizkiote soldatatik, eta etxea ere enbargatu diotela salatu dute. “Zalantzarik gabe, honako neurri errepresibo hauek ere Espainiar Estatu faxistak darabilen mendeku politikaren baitan kokatzen dira, eta zoritxarrez, ez da kasu isolatu bat. Preso politiko ohi gehienei ezartzen zaien zigor bikoitzaren isla da honakoa, batzuetan arinago eta besteetan krudelago, baina oro har, azken finean, faxismoak euren aurka darabilen biziarteko jazarpen, mehatxu eta zitalkeria”, diote Sortuko kideek.
Egoera horren aurrean, neurri horien salaketa egiteaz gain, elkartasun, babes eta borrokarako deia luzatu nahi izan dute. Hala, datorren larunbatean (hilak 15) egoera salatzeko Babes Eguna egingo dute. Lehenik, 11:30ean, elkarretaratzea deitu dute Irungo epaitegian. Ondoren, 14:00etan, elkartasun bazkaria egingo dute Hazian.