Bigarren '18 cm' egitasmoak ere Menchu Gal izango du protagonista
Artista irundarrari lotutako lanak sortu beharko dituzte hiriko artistek. Formatu ugaritan entrega daitezke obrak: marrazkia, serigrafia, argazkia, eskultura, ikus-entzunezkoa...
Dena prest dute ’18 cm’ egitasmoaren bigarren ediziorako. Ana Zubikoa eta Ricardo Catalanek sortuta, iaz eman zioten hasiera artearen inguruko agertoki berriak irekitzea helburu duen programari. Hala, hasi berrien zein profesionalen lanei leiho bat zabaldu nahi diete; aurtengoan ere Menchu Gal izango da protagonista nagusia, pertsonaiari lotutako lanak entregatu beharko dituzte hiriko artistek.
Lanak formatu ugaritan entrega daitezke: marrazkia, serigrafia, argazkia, eskultura, ikus-entzunezkoa… Hori bai, parte hartu ahal izateko gehienezko 18 zentimetroko formatua mantendu eta gaia errespetatu beharko dute artistek. Ikus-entzunezko lanak berriz, gehienez 18 segundoko edo minutu eta 18 segundoko iraupena izan beharko dute. Datorren uztailaren 3tik 27ra bitarte entregatu beharko dituzte partaideek euren lanak (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara).
Partaideen lanak erakusgai izango dira Amaia Kultur Zentroan, abuztuaren 23tik irailaren 8ra bitarte. Informazio gehiago, udaleko helbidera idatziz edo 943 505 407 telefono zenbakira deituz.