Teresa Errandonea: «Nire ametsa datorren urteko Tokioko Olinpiar Jokoetara iristea da»
Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) irundarrak Europako Jokoetan aritzeko deia jaso berri du. Lesio gogor baten ostean, 2017an bere maila onenera bueltatu zen; 100 eta 60 metro hesietan bereziki sekulako markak ezarri ditu ordutik.
Hemendik bi astera, Minskera (Bielorrusia) zoaz, Europako Jokoetara. Pozik Espainiako selekzioaren deiarekin?
Bai, oso pozik. Joan den urtetik Donostian entrenatzen ari naiz, zentzu askotan aldaketa behar nuen, eta ikusten dut islatzen ari dela egindako lan guztia. Denboraldia ere primeran hasi da, oso pozik nago, inoiz ez dut hain ongi hasi denboraldi bat. Gogoz nago jokoetarako. Hesietan eta luzera saltoan arituko naiz Minsken, bi probak maite ditut. Egia esan, jokoen formatua nahiko arraroa da. Adibidez, luzera jauzia egingo duen neskak salto ez egitea erabakitzen badu, nik egin beharko dut. Astearen eta lasterketen arabera txandakatzen joango gara.
Prest jokoetarako?
Noski. Egia da aste honetan pixka bat ukituta nagoela, hortaz, egun batzuk atseden hartzen egongo naiz. Tendinitis hasiera batekin nabil, baina halere prest nago. Molestiak dira, baina espero dut jokoetarako ongi eta arazorik gabe egotea.
Urtez urte, 100 metro hesietako marka hobetzea lortu duzu. 13.37 izan da orain arteko zure markarik onena. Noiz uste duzu izango zarela gai hori gainditzeko?
Espero dut aurten gainditu ahal izatea. Fisikoki ongi nago eta entrenamenduak ere primeran doaz, sentsazioak onak dira. Gainera, aurtengo denboraldia luzea da, abuztuan bukatzen dugulako. Uste dut gauza politak aterako direla aurten, hortaz, espero dut aurten marka hori haustea.
Pista estaliko 60 metroetan ere bilakaera ederra izan duzu azken urteotan. Gipuzkoako marka ezartzeaz gain (8.32), Euskadiko marka berria ezartzeko aukera ere izan zenuen (8.25) 2017an. Marka hori gainditzea ere helburu izango duzu aurrerantzean?
Aldaketa askoko urtea izan da, ongi egon arren azkenean ez baita marka hori atera. Arantza hori iltzatuta geratu zait pista estalian, baina uste dut hurrengo urtean gaindituko dudala, esperantza hori dut. Helburua 8.20tik jaistea izan daiteke, baina garrantzitsuena ahalik eta gehien jaistea da.
Are gehiago. 17 urterekin Espainiako Ranking Absolutuan lehen postua eskuratu zenuen.
Bai, hala da. Nire lehen urrea eskuratu nuen orduan, ikaragarria izan zen. Egia da gero ezin izan dela egoera berbera errepikatu, aire librean zenbait aukera izan ditudan arren. Gauza ezberdinengatik ezinezkoa izan da, espero dugu berriz ere postu hori eskuratu ahal izatea.
Eta egun, 25 urterekin, 100 metro hesietan bereziki, Estatuko kirolari onenetarikoa zara. Noizbait hain urruti iritsiko zinela pentsatu zenuen?
Haurra nintzenean ez, ez nuen pentsatzen etorkizunean zer egingo nuen. Baina orain, begirada atzera botata, ikusten dut bizitu ditudan une guzti horiek niretzat direla, eta oso pozik nagoela bide hori aukeratzeagatik.
«Begirada atzera botata, oso pozik nago bide hau aukeratzeagatik»
Marka horiek guztiak lesio gogor baten ostean iritsi ziren; berriz ere zure maila onenera bueltatzea lortu zenuen. Zein izan zen berriro indartsu bueltatzeko gakoa?
Gaztea nintzen, nire kirol ibilbideko momentu onenean lesionatu nintzen. Urte hartan gauza oso politak atera zitezkeen, baina lesioagatik azkenean ez ziren atera. Argi nuen bide hori berrartu behar nuela. Pazientzia eta lan gogorra. Horiek izan dira gakoak. Eta azkenean 2017an maila horretara bueltatzea lortu nuen.
Eta talde bezala, hurrengo asteburuan, Madrilen zita garrantzitsua duzue BATgirls-ek. Ohorezko Maila mantentzea duzue jokoan. Nola ikusten duzu taldea?
Gure ahalegin guztiak jarriko ditugu. Lesioarengatik ezin izango dut korri egin. Aurretik lasterketa garrantzitsuagoak datoz, egia esan asko amorratzen nau parte hartu ahal ez izateak; huts egiten dietela iruditzen zait nolabait esateko, baina ezinezkoa da. Nigan pentsatu behar dut, eta ongi sendatu lesioa. Denboraldia oso luzea da, eta tendoiaren arazoak ondo zaindu behar dira. Orain sendatzen ez badut, molestiek urte luzez jarrai dezakete, eta ez dut hori nahi.
Jada bi urte eman dituzue atletismoko Emakumeen Ohorezko Mailan. Zer moduz esperientzia?
Gogoan dut BATekin lehen ligetara joaten hasi nintzenean Lehen Mailara igo zirela neskak. Urteen poderioz maila gorena den Ohorezko Mailara igotzea lortu genuen, guretzako oso polita izan da, bereziki harrobi talde bat garelako, talde gaztea garelako. Esaterako, ni 24 urterekin zaharrenetakoa naiz [barrez]. Ikaragarria da maila honetan lehiatzea, ea mantentzea lortzen dugun.
Maila horretan lehiatzeko asko entrenatu beharko da. Astean zenbatetan entrenatzen duzu?
Astean bost egunez entrenatzen dut, ostegun eta igandetan, berriz, atseden egiten dut. Bi ordu inguruko saioak izaten dira. Primerako talde eta entrenatzailea dugu eta haiekin dena errazagoa egiten da. Entrenamenduak gogorrak dira, bereziki aurredenboraldikoak. Halere, orain dibertigarriena dator, sesio gutxiko kalitatezko entrenamenduak egiten hasiko gara.
«Fisikoki ongi nago eta entrenamenduak ere primeran doaz, sentsazio onak ditut»
Noiz erabaki zenuen atleta izan nahi zenuela?
Oso goiz, 8 urterekin Eskola Kirolean atletismoa orokorrean probatzen hasi nintzen. Txikitatik pilo bat gustatu izan zait korri egitea. Nire klasekideei ere asko gustatzen zitzaien, eta denak batera apuntatu ginen. ‘Zu apuntatzen bazara ni ere’, horrela izan zen. Denak batera hasi ginen eta 15-16 urte izan arte batera ibili gara. Zortea izan dut, talde honetan hazi naizelako.
Atletismoaren hamarka adarretatik, zergatik erabaki zenuen hesi proba zela zurea?
Ba egia esan ez dakit [barrez]. Hasieran modalitate guztiak probatu genituen, gure gustukoa aukeratzeko. Ongi aritzen nintzen hesietan eta pixkanaka hor sartzen hasi ninduten, eta azkenean maitemintzen hasi nintzen. Txikitan sekulako kolpeak ematen nituen hesiekin eta gehiago egingo ez nuela esaten nuen, eta egun nire pasioetako bat da.
Harrobia da BATen arrakastaren gakoetako bat. Etorkizun oparoa ikusten diezu gazteei?
Nik uste baietz. Plaiaundin entrenatzen nuenean giro ederra zegoen. Euskadiko harrobi handiena ez bada, gertu dago. Jendeak dena ematen du, zuzendari, entrenatzaile eta baita kirolariek ere. Klubak etorkizun oparoa izango duela uste dut.
Gomendiorik gazte horientzat?
Urte ugari ematen dituzunean atletismoan balio asko irabazten dituzu. Egunerokotasunean erabil daitezken balioak dira, atletismoa uztean ere baliagarriak izango dira. Une oso bereziak bizitzen dira kirol honetan, pausu hori emateak merezi duela uste dut.
Urte asko eman dituzue Plaiaundiko kirol instalazioetan, egoera ez oso egokian. Gogoz pista berriak izateko?
Bai, bereziki BAT talde handia delako, Irun hiri bat delako eta taldeak merezi duelako. Kategoria guztietan lan handia egiten ari dira, eta uste dut denek merezi dugula. Gainera, pista gauza oso garrantzitsua da, instalazioen arabera lesioak sor daitezke. Ordu asko pasatzen ditugu entrenatzen, beraz, pista egokia izatea beharrezkoa da.
Zein da zure helburu handiena?
Nire ametsa datorren urteko Tokioko Olinpiar Jokoetara iristea da. Halere, ikusiko dugu, azkenean pixkanaka joan beharko dut. Lesioek errespetatzea espero dut eta dena ongi ateratzea. Nire entrenatzailearengan eta nigan konfiantza osoa dut, eta uste dut gauza politak atera daitezkeela. Tokiora iristeko borroka egingo dut, baina faktore asko sar daitezke hor, tartean zortea. Halere, ikusiko dugu datozen hilabeteotan zer datorren. Asmoa atletismoarekin gozatzen jarraitzea da, ez bakarrik olinpiadetara iristea. Espero dut orain arte bezala jarraitu ahal izatea, eta azken urte hauetan kirol honek eman didan guzti horri erantzutea.