Irungo Recondo planta itxiko dutela salatu dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek
Egun Irungo plantan 160 langile baino gehiago daudela diote, eta itxierak hiriko industriaren "narriatze eta desegite prozesuan pausu bat gehiago suposatuko" duela.
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek salatu berri dutenez, Irungo Recondo planta ixteko erabakia hartu du Brioche Pasquier multinazional frantsesak. 2001. urtean multinazionala hiriko plantarekin egin zela diote enpresako komitea osatzen duten sindikatu guztiek, eta horri esker ogi xigortuaren fabrikazio eta produkzioan “erreferente” bilakatu zela.
Egun Irungo plantan 160 langile baino gehiago daudela diote, eta itxierak hiriko industriaren “narriatze eta desegite prozesuan pausu bat gehiago suposatuko” duela. Egoera horren aurrean, langileek itxierak ekarriko dituen ondorioak aztertzeko asanblada egin zuten joan den maiatzaren 20an. Bertan, honakoa erabaki zuten: publikoki plantaren itxiera salatzea eta enpresako zuzendari bilera bat eskatzea, industriaren bideragarritasuna eta enpleguan izango diren ondorioak aztertu eta akordatzeko.
Enpresa Batzordetik euren “haserre eta gaizki egona” adierazi nahi izan dute. “Gure etorkizuna bermatuko duen enpresa proiektu bat eskatzen dugu, bideragarria dena eta kalitatezko enplegua ahalbidetzen duena”, diote komitetik.