EAJ "aliantza arraro" bila dabilela salatu du Santanok
Joan den udal hauteskundeetan "hiriaren buru izaten jarraitzeko politikoki zilegitasuna" lortu dutela dio, eta gobernu akordio bat ixteko lanean dagoela.
Irungo alkatetzarako lehia inoiz baino biziago dago. Irungo jarduneko alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) Bioterra azokaren inaugurazioan zenbait kontu argitu ditu. Bertan salatu duenez, Xabier Iridoy (EAJ) “aliantza arraro” bila dabil azken egunotan Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeekin. Joan den maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan “indar bozkatuena” izan zela gogoratu du Santanok, boto zein portzentaietan gailendu zirela. Hala, “hiriaren buru izaten jarraitzeko politikoki zilegitasuna” lortu dutela dio, eta akordio bat ixteko lanean dagoela.
Gainera, adierazi duenez, “oso harrituta” geratu da Xabier Iridoyk alkate gisa aurkezteko duen asmoarekin. “Ez ditut sekula horrelako jokaerak ikusi. Irundarrek ez zuten eta ez dute espero alderdi batek bilatzen duen aliantza hori, arraroa da, ez doa inoren mesederako, kontra eginez baizik”.
Azken egunotan EAJ taldeko alkategaia Elkarrekin Podemos zein EH Bildurekin elkartu da, baina oraindik zehazteke dago bi koalizioek babesa emango dioten ala ez. Hurrengo larunbatera (hilak 15) arte itxaron beharko dute irundarrek guzti horren berri izateko.