Zazpigarren 'Kakusai' zozketa berezia egingo du Aldatsa Baratzeak igandean
Aurten Oiartzunen egingo dute lehenengoz, Ametsenea Hipikan. Zozketaz gain, bazkaria ere antolatu dute.

Eskualdeko Aldatsa Baratzeak zozketa berezia antolatu du zazpigarrenez datorren iganderako (hilak 9). Kakusai agrozozketa egingo dute Oiartzungo Ametsenea Hipikan (Igerobi bidea, z/g), 12:00etatik aurrera. Zozketaren metodologia, berezia izateaz gain, sinplea izango dela diote kooperatibako kideek: “Zelai bat ehunka lurzatitan banatzen da, eta lurzati bakoitzari lerro eta ilara bana dagozkio. Bi zaldi askatzen dira zelaian, eta lehenengo bi kaka mokordoak non erortzen diren, rifa irabazlea dutenak izango dira saridunak”, diote Aldatsako kideek.
Hala, sari mordoa egongo dira jokoan: egonaldia Etxarlako Mikelestonea landetxean, bi lagunentzako otordua Arantzako Pabloenea jatetxean, klase pribatu bat hipikan, bertako produktuen sorta bat eta abar. Zozketaren rifak eskuratzeko, Aldatsako kideengana jotzeko deialdia egin dute antolatzaileek.
Zozketaren ostean bazkaria egingo dute, batez ere Aldatsako Baratzeko produktuz osatutako menua eskainiko dute; helduen txartelak 10 euroan eskura daitezke, eta izen emateak helbide honetara idatziz egin daitezke (ostirala baino lehen). Gainera, txikienek poni gainean erdi prezioan ibiltzeko aukera izango dute, egun osoan zehar.