Eskualde eraginkorra lortzeko, Txinzer eta ESI elkarrekin lanean ariko dira
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren (hilak 15) harira, Txinzer-ek eta ESIk (Erakunde Sanitario Integratua) aukera paregabea ikusi dute herritarrak sentsibilizatu eta ingurumenaren zaintza denen ardura dela gogoratzeko.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren (hilak 15) harira, Txinzer mankomunitateak eta Bidasoko ESIk (Erakunde Sanitario Integratua) aukera paregabea ikusi dute herritarrak sentsibilizatu eta ingurumenaren zaintza denen ardura dela gogoratzeko. Hala, mundu mailan erabiltzen hasi diren ‘Airearen kutsadurarik gabeko planeta baten alde’ mezua Bidasora ekarriko dute.
Jose Manuel L. de Guevara ESIko gerenteak gogorarazi du ingurumenarekin “konpromiso tinkoa” dutela eta azken urteotan langile guztien parte hartzeari esker, “hondakinen bereizketa eta baliabide naturalen erabilera egokian aurrera pausuak eman” dituztela. Txinzer-eko gerente Leire Zubiturrek berriz, eskualdeko bizi kalitatean hobetzen lagunduko duten gizarte eragileak identifikatzeko lan ildo berri bat martxan jarri dutela jakinarazi du.
Bi erakundeek kolaborazio prozesu bat martxan jarriko dutela diote, Bidasoko ESI gero eta eraginkorragoa izan dadin. Hasiera batean, Bidasoko Ospitaleko esparru ezberdinak aztertzeko diagnosia egin dute, ondoren bertan egiten den hondakinen kudeaketa ikertzeko. Elkarlan honi esker, ingurumen babes politika gaixoengana eramateko aukera izango dutela diote, horiei jokaera egokia izateko gonbita eginez. Amaitzeko, Zubiturrek nabarmendu du Txinzer-ek bide horretan jarraituko duela, “Bidasoaldea osatzen dugun pertsona guztiak aldaketaren eragile bihurtu arte”.