Bere burua alkatetzara aurkeztuko du Xabier Iridoyk
"Ikusita Santanok eta alderdi sozialistak ez duela gogoetarik eta autokritikarik egingo, hurrengo alkatetzara gure hautagaitza aurkeztuko dugu", adierazi du irratian Iridoyk.
Irungo EAJ taldeak gobernu aldaketaren aldeko apustua egingo duela berretsi du beste behin Xabier Iridoy alkategaiak. Antxeta Irratiari egindako adierazpenen arabera, jeltzaleak gaur bertan PSE-EEko kideekin bildu dira. Iridoyk azaldu duenez, ez da adostasunik egon bilera horretan, eta ondorioz, datorren hilaren 15ean bere burua alkate bezala aurkeztea erabaki du.
“Ikusita Santanok eta alderdi sozialistak ez duela gogoetarik eta autokritikarik egingo, hurrengo alkatetzara gure hautagaitza aurkeztuko dugu”, adierazi du irratian Iridoyk. Hala, gaur bertan alkatetza hori ahalbidetu dezaketen alderdiekin (Elkarrekin Podemos eta EH Bildurekin zehazki) harremanetan jarriko dela dio, “Irungo udaletxean gobernu indartsu bat” osatzeko bidean.
Irundarrek aldaketa nahi dutela dio jeltzaleak, eta azken egunotan bizilagun ugarik eskaera hori egin diotela. “Urte askoz eman diren politikak eta gobernatzeko estilo horrek aldaketa behar du, zaharkituta dago, pasata. Momentu honetan etorkizunaz hitz egin behar dugu, ilusioa emango duen etorkizunaz”.