160 postu eta 70 ekitalditik gora hamaseigarren Bioterra azokan
Datorren ostiralean (hilak 7) zabalduko ditu ateak produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokak.
Itsasoak, nekazaritza ekologikoa, kosmetika naturala, ongizatea, bioeraikuntza, elikadura osasuntsua, ibilgailu elektrikoak… Esparru ugari ukituko ditu aurtengo Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Euskadiko Bioterra azokak ere. Datorren ostiralean (hilak 7) zabalduko ditu ateak hamaseigarren azokak, eta igandera bitarte (hilak 9) bisitatzeko aukera izango da. Orotara, 160 postu baino gehiago izango dira, eta 70 ekitalditik gora antolatu dituzte.
Ohiko ekitaldiez gain, aurten itsasoan jarri dute begirada, zehazki hondakinek eragiten duten kaltean. Horretarako, ‘Plastikorik gabeko itsasoa’ egitasmora atxikitu dira antolatzaileak. Gaia lantzeko, hitzaldi, saio eta tailer ugari egingo dituzte asteburuan zehar.
Azokaren inaugurazio ekitaldi ofiziala ostiralean 12:00etan egingo dute. Sarrerak 3 euroan eskuragai izango dira (12 urtetik beherakoentzat doako sarrera). Ostiraleko ordutegia 10:00etatik 20:00etara eta larunbatekoa 21:00ak bitarte izango da. Ohikoa den bezala, aparkalekua doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Informazio gehiago eta xehetasun guztiak, webgune honetan.