Sareak ehuntzen jarraitzen du
Bidasoko herri talde batek mugimendu bat sortu du Irungo Harrera Sarearen lana omentzeko. Egun osoko jaialdi berezi bat antolatu dute biharko, Lakaxita gunean.
Ia urtebete da irundarrek migratzaileen beharrak asetzeko apustu kolektiboa egin zutela. Joan den udan, hirian handitu egin zen Europa iparralderako bidean ziren Afrikako migratzaileen fluxua. Erakundeen inolako babesik gabe geratu ziren orduan ehunka eta ehunka lagun. Halere, Irungo Lakaxita guneko ateak zabal-zabalik aurkitu zituzten lehen egunetik bertatik, gauetik goizera irundarrek sortu zuten Irungo Harrera Sarearen dispositiboari esker.
Geroztik, etengabekoa izan da sareko kideen eta udalaren arteko tirabira. Udalak, boluntarioen presioari esker, zenbait aterpetxe ireki ditu. Halere, sareak behin eta berriz salatu izan du ez direla nahikoak. Horregatik egokitu zuten Lakaxita, ehunka lagunek han otorduak egin zitzaten eta euren beharrak asetzeko aukera izan zezaten. Neguan, ordea, egoera eutsiezina bilakatzen hasi zen gune autogestionatuan, eta Ospitale Zaharrera mugitu zuten kanpalekua. Azken presio horri esker, Martindozenea aterpetxea egun osoz zabaltzea lortu zuten.
Sareko kideek azaldu dute neguan eta udaberrian “baxuagoa” izan dela fluxua, baina “ia egunero” iristen direla migratzaile taldeak. “Egun batean, hogei irits daitezke; beste batean, bakar bat ere ez; hurrengoan, agian, bost”, esan du sareko kide Malen Garmendiak. Udalak ezezkoa eman diela ikusita, boluntarioek erabaki dute tren geltokian seinaleak jartzea San Juan plazako harrera gunera eta Martindozeneara joateko, iritsi berriei bidea errazteko asmoz. Gainera, gautxori izeneko boluntario taldearen laguntza ere jasotzen dute migratzaileek.
Iritsi berriek bost egun igaro ditzakete Martindozeneako aterpetxean, baina, sareko kideak salatu duenez, guztiek ez daukate aukera berbera. Haren hitzetan, “oso baldintza zorrotzak” exijitzen dizkiete, eta sartzeko aukerarik gabe geratzen dira asko. “Leku guztiak beteta daudela dio udalak, baina ez da egia. Martindozenea ez da ia inoiz betetzen”. Kalean geratzen diren horiek beste aterpetxe batzuetara bideratzea edo sareak lortutako beste lokal batzuetara eramatea izaten da sareko kideen ohiko zereginetako bat.
Joan den udatik, sare erraldoi bat osatzea lortu dute, eta berrehun boluntario baino gehiago aritzen dira lanean gaur egun. Gainera, Garmendiak azaldu du sareak “ehuntzen” jarraitzen duela egunetik egunera. “Edozein eskari egiten dugunean, milaka mezu jasotzen ditugu berehala; jende asko dago gure inguruan gaiarekin sentsibilizatuta”. “Primerakoa” izaten ari da herritarren erantzuna, eta urtarrileko mobilizazio handiak baieztatu zuen hori: 5.000 lagun inguruk zirkulazio askatasuna exijitu zuten hirian. Azken urteotan Irunen egin den manifestaziorik handienetako bat izan zen urtarrilekoa.
Udaz geroztik, milaka lagun pasatu dira boluntarioen eskuetatik. Sareak dagoeneko 5.000 lagun baino gehiago artatu dituela zehaztu du Garmendiak, eta urte hasieratik zortziehun migratzaileri eman dietela zuzeneko laguntza.
Egun osoko jaialdia
Azken aste eta hilabeteotako mugimendua aztertuta, Irun eta Hondarribiko herritar talde batek erabaki du Irungo Harrera Sareko kideen lana aitortzea. Patxuko Nice taldeak Harrera abesti solidarioa sortu zuen hilabete hasieran, eta, horren harira, taldeko eta beste arlo batzuetako zenbait lagunek jaialdi berezi bat antolatzea erabaki dute. Bihar egingo dute, 11:00etatik goizaldera arte, Lakaxita gunean. Sergio Ordoñez Patxuko-k, Patxuko Nice taldeko kideak, ez du jaia galdu nahi izan. “Eguneroko dramak drama, barruraino sartzen zaizun irribarrearekin agurtzen zaituzte denek. Horregatik, zerbait egin nahi nuen nik ere”. Asmo horrekin hasi zen elkartzen zenbait herritarrekin, eta horrela hasi ziren jaialdia gorpuzten. “Guretzat oso zaila da hitzez azaltzea zer sorrarazten digun boluntarioen lanak. Sarearekiko sentitzen dugun miresmena ekintzen bidez adierazteko antolatu dugu jaialdia”, azaldu du Ordoñezek.
Patxuko Nicek bezala, artearen, dantzaren, zirkuaren eta musikaren munduko hainbatek ez dute izan zalantzarik jaialdiarekin bat egiteko. Artista bakoitza “puzzlearen pieza bat” izango dela kontatu dute antolatzaileek, eta herritarrak soilik faltako direla “puzzle handi, eder eta solidarioa” osatzeko. Bazkarirako txartelak eskura daude Irungo Brönte liburu dendan, Hondarribiko Garua eta Ttopara kafetegietan, eta sarearen Facebook orrialdean.
Ondorengoa da Irungo Harrera Sareak biharko antolatu duen egitaraua:
- 11:00. Judas Arrietarekin mihise margotzea eta Garabateando solidarioa. Ondoren, DJ Jawata.
- 12:00. Armiarma Cie zirkua.
- 12:10. Berto magoa.
- 12:40. Dantza garaikidearen tailerra.
- 13:15. Kontzertua: Maribop.
- 14:00. DJ Afamad Orquestina.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 16:00etatik aurrera. Kontzertuak: Ane Garcia, Gari Amundarain
eta Jon Martin, Sergio Patxuko
eta Ibai Larralde, Endika Loiola, Octavio Nievski, Flavio Banterla eta Eneritz Furyak. - 20:00. Talde sorpresa.
- 21:15. Kontzertua: Velozet.
- 22:30-01:30. DJak.