Irungo gaztetxoak, hiriko paisaiak ezagutzen
Eskolako Agenda 21 programaren barruan, azken ikasturtean zenbait ikastetxetako ikasleek hiriko paisaiak behatu dituzte; hiriko ingurumenaren egungo egoera aztertu dute.
Eskolako Agenda 21 programaren ondorioak partekatu zituzten atzo ikasleek Irungo Udaleko zenbait politikarekin. Azken ikasturtean gaztetxoek ingurumena aztertu dute, eta atzoko saioan, behaketa horietatik ateratako ondorioak aurkeztu zituzten.
Ikasturte honetan, 3.000 ikasle inguruk Irungo paisaiak sakonki aztertu dituzte, erdigunetik inguruko mendietaraino. Txikienek auzoetako paisaiak aztertu dituzte; LHkoek berriz, hiriko parkeak izan dituzte aztergai eta helduenek (DBH eta Batxilergoko ikasleek) Txingudi badia, parkeak, Bidasoa ibaia eta Aiako Harria.
Programaren helburu nagusia ingurumena zaintzeko kontzientzia hori sortzea da. Parte hartu duten ikastetxeak Txingudi Ikastola, Eguzkitza, Hirubide, Toki alai eta Pio Baroja institutua izan dira.