Irungo 25 zinegotziak, hemen
PSE-EEk irabazi zituen atzoko udal hauteskundeak Irunen. Orain, ikusi behar alkatetzarako eta gobernagarritasunerako zein urrats egiten dituzten alderdiek.
Jose Antonio Santanoren PSE-EEk irabazi zituen Irungo udal hauteskundeak atzo, 10.172 botorekin. 2015eko zinegotzi kopuru berbera lortu dute sozialistek, 10. Eta botoetan ere gora egin dute, 2015ean baino 767 gehiago. Botoetan, eta beraz, zinegotzi kopuruan gorakada nabarmenena izan duen alderdia, ordea, EAJ izan da, 2015eko 5.133 bozketatik, 7.07ra pasatu delako, bi zinegotzi gehiago lortuz, zazpi denera.
Irungo hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan da, lau zinegotzi eta 4.391 bozka lortu dituelako. 2015eko emaitzak ez ditu errepikatu ordea, zinegotzi bat gutxiago lortu duelako eta botoen galera 800 ingurukoa izan delako.
Laugarren indarra EH Bildu izan da: 3 zinegotzi, eta 3.939 boto. Koalizioaren aldeko boto kopurua ere nabarmen hazi da, zinegotzien kopurua mantendu arren, 2015etik 500 bozka gora egin duelako.
Irungo udalbatzan ordezkaritza izango duen bosgarren eta azken indarra PP da, zinegotzi bakarrarekin (1.522 boto). 2015koetan bi hautetsi izan ziren PPkoak, 2.196 boto lortu zituelako.
Orain, alderdiek hala nahi badute, hitz egiteko garaia iritsi da. Santanok ez du gehiengorik, eta ikusi behar elkarrizketa erronda abiatzen duen PSE-EEk alkatetzari eta/edo gobernagarritasunari begira. Azken hilabeteetan, aldiz, EAJren, Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren arteko adostasun maila handia izan da gai gehienetan. Eta ikusi behar hiru alderdi horiek ados jartzen diren Santanori alkatetza kentzeko.
Ziurra dena da zeintzuk izango diren Irunen zinegotzi datozen lau urteetan. Hemen, haien aurpegiak.