Irunen, EAJk jaso ditu boto gehien foru hauteskundeetan
Badirudi 'Santano efektuak' indar handia izaten jarraitzen duela hirian. Izan ere, PSE-EEk udalekoak irabazi arren, EAJ nagusitu da foru hauteskundeetan hirian.
Atzoko udal eta foru hauteskundeen emaitzen artean ezberdintasun nabariak aurki daitezke Irunen. Badirudi Santano efektuak indar handia izaten jarraitzen duela hirian. Izan ere, PSE-EEk udal hauteskundeak irabazi arren, EAJ nagusitu da foru hauteskundeetan hirian. Udalekoetan baino ia 2.000 boto gehiago eskuratu dituzte jeltzaleek, eta sozialistek aldiz, 1.500 inguru gutxiago.
8.602 irundarren babesa jaso dute jeltzaleek, 2015ean baino 2.000 boto baino gehiago foru hauteskundeetan. Sozialistek, aldiz, bigarren postua eskuratu dute; 8.544 boto lortu dituzte, Santanoren zerrendak baino ia 2.000 gutxiago. Udal hauteskundeetan bezala, forukoetan ere Elkarrekin Podemos izan da hirugarren indarra, 4.049 boto lortu ostean. Laugarren postuan EH Bildu 3.899 botorekin (2015ean baino ia 300 gehiago), bosgarrenean PP 2.035rekin (hirian 500 boto inguru gutxiago jaso ditu) eta Ciudadanos seigarren 875 botorekin sailkatu dira.