13.258 papertxo eta sei hautagaitza aukeran
13.258 hondarribiar daude bozkatzera deituak eta bost hauteskunde eskoletan egin dezakete.
Bisitari gehienak enteratu ez diren arren —kaleko propaganda oso mugatua egon da—, Hondarribian ere hauteskundeak dituzte gaur, Europakoak, Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak, eta udalekoak. 13.258 hondarribiar daude bozkatzera deituak eta bost hauteskunde eskoletan egin dezakete: Jostaldin, Itsas Etxean, udaletxean, eta Amute eta Mendeluko auzo egoitzetan.
Udal hauteskundeei dagokionez, sei dira aurkezten diren hautagaitzak. Egun udalean ordezkaritza duten bostak (EAJ, Abotsanitz, EH Bildu, PSE-EE eta PP), eta aurrenekoz aurkeztu den Vox alderdia.
Goizeko bederatzietan irekiko dituzte hauteslekuak eta arratseko zortziak arte izango dute bozkatzeko denbora herritarrek. Ordu horretan itxiko dira mahaiak eta jarraian hasiko da boto kontaketa. Aurrena, Europako papertxoak zenbatuko dituzte, lurraldekoak gero, eta udal bozetakoak azkenik.
Astelehenean, paperean
Oarso Bidasoko HITZAk papereko edizio berezia argitaratuko du astelehenean [harpidedun ez direnek Berria egunkariarekin lor dezakete]. Bertan, Oarsoaldeko eta Bidasoko udal hauteskundeen emaitzak jasoko dira, baita zinegotzien banaketa zertan geratuko den.
Hondarribiari dagokion orrian, hamazazpi zinegotzi berrien argazkiak azalduko dira. Egun EAJk hamar zinegotzi ditu, Abotsanitzek hiru, EH Bilduk bi, eta bana PSE-EEk eta PP-k.