Indartsu eta ekitaldiz beterik dator Harrera Sarearen aldeko jaialdia
Hondarribia eta Irungo herritar talde batek harrera sareko boluntarioen lana omentzeko jaialdi berezia prestatu du. Datorren ekainaren 1ean izango da, Lakaxitan.
Irungo Harrera Sarearen aldeko jaialdi solidarioa egingo dute datorren ekainaren 1ean (larunbata) hirian. Patxuko Nice taldearen Harrera abesti solidarioari lotuta, Hondarribia eta Irungo herritar talde batek boluntarioen lana omentzeko –eta haien alde ere lan egiten jarraitzeko— egitarau berezia prestatu dute. Jaialdia, sarea sortu zen toki berberean egingo dute, Lakaxitan. Musika, artea, zirkua, tailerrak… Denetarik prestatu dute, goizetik gaueko ordu txikietara luzatuko dute larunbateko festa.
Jaialdiko koordinatzaile Asier Perez Karkamok eman du jaialdiaren xehetasunen berri, San Juan plazan sareak duen harrera gunean. “Jaialdiak sareak duen filosofia bera dauka, auzolana. Auzolanetik egin dugu, bakoitzak pieza bat jarri dugu azkenean puzzle bat osatzeko”, adierazi du. Hala, kulturaren munduko pieza ugarik ez dute jaialdi berezia galdu nahi izan.
Gaurko agerraldian ere jaialdian kontzertua eskainiko duen Maribop taldeko Francesco eta Peter musikariak izan dira. “Gure musika mediterraneoaren eta atlantikoaren arteko kultur zubi bat da. Gu ere migratzaileak gara eta argi dugu kultur nahasketa positiboa dela, kendu gabe aberasten duelako”, dio bikoteak. Maribop eta bestelako taldeen saioetarako hiru eszenatoki jarriko dituzte.
Haiek bezala, Garabateando egitasmoko kideek eta Judas Arrieta artistak ere ez dute zalantzarik izan jaialdira batzeko. Marrazki ugari sortuko dituzte zenbait artistek, ondoren harrera sareak bertan saldu ditzan. Arrietak berriz, haurrek egingo duten 2×3 metroko mihise erraldoia margotzeko prozesua gidatuko du.
20 ekitalditik gora
Orotara, 20 ekitaldi baino gehiago izango dira. Jaialdiaren sarrera doakoa izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta bazkariko txartelak (paella eta postrea barne) 10 euroan salgai daudela jada. Hondarribiko Ttopara eta Garua kafetegietan eskuratu daitezke, eta asteburu honetan Irungo Kabigorrin ere izango direla jakinarazi berri dute. Jaialdian bildutako diru guztia Irungo Harrera Sareak jasoko du.
Oraindik zenbait ekitaldi (bereziki musika) ixtear daudela zehaztu dute antolatzaileek. Honakoa, momentuz, prestatu duten egitarau zabala:
- 11:00: Mihise parte hartzailea Judas Arrietarekin (haurrentzako).
- 11:00: Garabateando tailer solidarioa.
- 11:00: DJ Jawata (haurrentzako).
- 12:00: Zirkua Armiarma Compagnie-ren eskutik.
- 12:10: Magia saioa Betso magoarekin.
- 12:40: Dantza garaikide tailerra, Miren Gomezekin (adin guztientzako).
- 12:15-14:00: Maribop taldearen kontzertua (elektro folk).
- 14:00: Afamada Orquestina DJ (rock).
- 15:00: Bazkaria.
- 16:00: Jon Sanchez Rubio + Karlos Zubikoaren kontzertua.
- 16:20: Ane Garciaren kontzertua.
- 16:40: Endika Loiolaren kontzertua.
- 17:00: Xabi Strubell-en kontzertua.
- 17:20: Gari Amondarain eta Jon Martinen kontzertua.
- 17:40: Octavio Nievski-ren kontzertua.
- 18:15: Lanbroa-ren kontzertua.
- 21:15: Velozet taldearen kontzertua.
- 22:30: DJ Jawata.
- 23:30: DJ Kool.