"Gauza handiak egin ditugu iraganean, bide horretan jarraituko dugu"
Datozen udal hauteskundeetara Irunen aurkeztu diren alkategaiek HITZAren galdetegia erantzun dute. Hona, PSE-EE taldearen alkategai Jose Antonio Santanori egindako elkarrizketa.
Zergatik eman behar diote irundarrek zure taldeari botoa datorren maiatzaren 26an?
Bertan bizi eta lan egin daitekeen hiria garatzeko proiektua dugu, aspalditik gaude horretan lanean. Proiektu argia da, Irunekin gustura dagoen, hiria hobetzea nahi duen eta hiriarekin harro dagoen gehiengo handi bati zuzendutakoa dela uste dugu. Gehiengo handi horri zuzentzen gara. Gainera, plus bat dugula uste dugu, bermea dugu, esaten joan garen gauzak egin ditugulako. Auzoetara joaten ari gara, eta esan beharra dugu auzo horietan esan genuen egin dugula, orain dela lau urte egin genituen proposamenen betetze maila oso altua dugu. Uste dut horrek gure sinesgarritasuna berresten duela, eta beste alderdiekin ezberdintzen gaituena dela. Gauzak esateko bermea dugula uste dugu.
Zeintzuk dira hirirako dituzun lehentasunak?
Bizi kalitatea bermatuko duen edozein hiri eraikitzeko oinarrizko hiru gauza daude: enplegua, etxebizitza eta bizi kalitatea. Alor guztietan udaletxe batek ez du erreminta bera. Hiru alor horiek landuko ditugu. Enpleguan, ekintzaileetan zentratuko gara, jarduera ekonomikorako espazio berriak garatzea da asmoa, erabilerarik gabeko industria guneak berritzen adibidez. Gero, apustu handia dugu Via Irun proiektuan. Hiriaren bihotzean etorkizun asko dugu, gazteentzako enplegua sortzeko gaitasuna dugu bertan, berritzailea gainera. Etxebizitzen gaian etorkizunari begira politika garbia dugu: alokairuaren aldeko apustua. Gai horretan ere bermea dugu, azken urteetan 800 etxebizitza publiko baino gehiago egin baititugu, udaletxetik zuzenean esfortzu handia egin duen hiria gara. Etxebizitza baten beharra zuten askori erantzuna eman diegu, merkatuak eskaintzen zituen baldintza hobeagoekin. Orain, alokairuaren garaia da eta gure proposamenak hortik doaz. Proiektu zehatzak ditugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Lehenik, emigrazio eraikinean gazteentzako 100 etxebizitza baino gehiago egingo ditugu. Gero, Astaola, Alarde eta San Miguelen alokairu proposamenak egingo ditugu, 200-400 alokairuzko etxebizitza lor daitezke bertan. Bizi kalitatea arloan berriz, iraunkortasunean pentsatzen eraikitzen ari gara hiria, pertsonak lehenak izan daitezen. Palmera Montero, CBA, igerilekuak, Uranzu pilotalekua, hirigintza garapenak… Gauza handiak egin ditugu iraganean. Bide horretan jarraituko dugu, pertsonen aldeko apustua eginez, gazte, heldu eta familien alde. Esaterako, San Miguelen familien aisialdirako gune bat egitea proposatzen dugu.
Trenbide eremurako, zein planteamendu duzu?
Herritarrekin egin dugu lehen parte hartze prozesuan ohartu gara sintonia handia dagoela herritarrekin, baina baita ere bestelako alderdiekin. Ñabardura batzuk egon daitezke, baina bat egiten dugun puntu ugari ematen hasi dira. Lehenik, esan beharra dut mundu guztiak positiboki baloratu duela zubi gisa ere funtzionatuko duen nazioarteko geltoki bat izatea hirian. Lehen ideia proiektua hiria josteko baliagarria izan behar duela da, mugikortasuna hobetzeko. Horrez gain, balio gehigarria izango duen jarduera ekonomikoa eta gune berdeak sortzea beharrezkoa dela uste dugu. 64.000 metro koadro baino gehiagoko garapenaz ari gara, eta elementu guzti horiek sartu behar ditugu.
Egun udalean aldaketa behar dela diote talde batzuek, zer uste duzu?
Arraroa litzake beste gauza bat esatea, diot, ez dagoenak beti egon nahi du hor, politikaren eta bizitzaren oinarriak dira. Ez dagoenak beti dio aldaketa behar dela, baina nik uste dut hitzak sinesgarriak izateko proiektu batekin joan behar dutela. Ulertzen dut norbaitek proiektu alternatiboa duela esatea, baina uste dut proiektu horiek modu positiboan egin behar direla, hori da gaur egun ikusten ez dudana. Ikusten dut kontrako proiektu alternatiboa partekatzen dutela zenbait alderdik, daudenak kentzeko, baina uste dut horrela ez dela hiria eraikitzen. Hiriak modu positiboan eraiki behar dira. Uste dut proiektu horrek soilik dagoen alkatea kentzea bilatzen duela. Baina tira, zilegia iruditzen zait, baina uste dut ez dela proiektu erakargarri bat, ez du ilusiorik sortzen. Gainera, interes pertsonalak hiriaren interesen gainetik jartzen ari direla. Hau da nire iritzia aspalditik eta uste dut kanpaina jarraitzen ari dena ohartu dela horretaz. Bereziki alderdiren batean sumatzen da erradikalizatu egin direla, orain dela urte batzuk gauza bat esaten zutela, eta egun beste bide bat hartu dutela. Hiriaren ikuspegia galdu duela uste dut. Azkenean herritarrek erabakiko dute, buelta asko eman ditzakegu, baina herritarrek erabakiko dute zein proiektu duten gustukoen.
Azken urtean bereziki Europa iparralderako bidean diren migratzaileen fluxua handitu egin da Irunen. Gai honi dagokion proposamenik duzue?
Zehazteagatik, uste dut udan izan zela fluxu oso handiena, baina gutxitzen joan dela. Denbora luzea daramagu presentzia oso gutxirekin, baina badakigu aste batetik bestera egoera aldatu daitekeela. Gai honetan Irungo udala eredugarria izan da, erakundeen arteko mahaian gaude, 60 plaza dituen Martindozenea aterpetxea eskaini diegu. Ostatuaz eta otorduez gain, arropa eta informazioa ematen diete. Uste dut erabateko arreta izan dutela. Egun ditugun baliabideak nahikoak dira. Gure lana humanitarioa da, betetzen ari gara, ondo egiten ari garela uste dugu.