Ekainaren 22a, Irungo gazte kuadrillentzat egun seinalatua
Betti Gottik ekainaren 22an egingo du sanmartzialetako herri bazkaria. Hirigunean egin asmo zuten horren zati bat, baina ezin izan dute.
Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak ekainaren 22an egingo ditu aurtengo Kuadrillen Eguna eta herri bazkaria. Goizean kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte, eta ondoren herri bazkaria Ficoban. Betti Gottikoen asmoa zen, ordea, Ospital Zaharrean Ficoban erosoegi sentitzen ez direnentzat bigarren herri bazkari bat egitea, 200-300 lagunentzat. Bertarako egitaraua ere prest zuten.
Udalaren baimena zuten azken horretarako, baina denbora premiak, diru laguntza ezak, eta azpiegitura gabeziak Betti Gottikoak behartu ditu aurtengoz Ospital Zaharreko ideia aparte uztera. Hau da, herri bazkaria hirigunera ekartzeko aukerarik ez da izango aurten: “Udalari gurekin batera lanean jartzeko eskatzen diogu, herri bazkaria Irungo hirigunera ekarri ahal izateko. Beraz, datorren urtean denboraz eta agian laguntza gehiagorekin, gure helburu nagusia lortzeko aukera berri bat izango da”.
Beraz, ekainaren 22an kuadrillen arteko olinpiadak eta Ficobako herri bazkaria izango dira Irungo gazteen gozagarri. Olinpiadetan izena emateko, eta aldi berean herri bazkarirako tiketak lortzeko aukerak honakoak dira, 18 euroan (euro bat elkartasun helburuetara bideratuko da, aurten, Irungo Harrera Sareari):
- Ekainaren 1ean (ostirala) 18:30etik 20:30era San Juan Plazan.
- Ekainaren 2an (larunbata) 12:00etatik 13:00etara Palmera Monteron Betti Gottik duen egoitzan.
- Oharrak: herri bazkarirako tiketak zenbakituak egongo dira. Adingabeak ezin dira bazkarira joan. 24 urtetik gorakoentzako, eta 24 urtetik beherakoentzako sarrerak salduko dituzte, beraz, ekainaren 22ko herri bazkarian talde batekoek Ficobara ate batetik sartu beharko dute, eta beste taldekoek bestetik, adin tarte bakoitzekoak pabiloi banatan banatuta egongo dira, beraz. Hirugarren pabiloi batean barra eta dantzaldirako gunea egongo dira.
Ekainaren 22a
Ekainaren 22an, lehenik, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte. 09:00etan gosaltzeko geldituko dira, eta 09:30ean hasiko dira kuadrillen arteko demak. Lehen fasearen ondoren, hiru talde onenek finala izango dute jokoan, irabazleak saria eramango duelarik. Urdanibia plazan dira olinpiadak.
Horren ondoren, kaleak hartuko dituzte Irungo gazteek, egitarau honi jarraituz:
- 12:00etan, Auntxa Trikiti Eskolako kideak eta Peña Poteo txarangakoak Alde Zaharreko kaleak eta kuadrillak girotzen hasiko dira.
- 13:30ean, kalejira Urdanibia plazatik Ficobara.
- 14:15an, herri bazkaria Ficoban. Jarraian, dantzaldia Ezten Giro taldearekin eta DJ batekin.
- 20:30ean, kalejira Ficobatik hirigunera, Burrunba elektrotxarangarekin.
Errespetua eta laguntza
Betti Gottiko kideek gaurko aurkezpenean nabarmendu dute herri bazkarian errespetuz eta lasaitasunez jokatu behar dutela bertaratzen direnek. Hala, sarreren salmenat egunetan (ekainaren 1 eta 2an), arau batzuk bilduta dituen eskuorria emango diete tiketak erosten dituztenei, eta horiek errespetatzeko eskatu dute, “bazkarian jarrera desegokiak errepikatzen badira, antolakuntzak neurriak hartu beharko ditu”.
Aldi berean, nahi duenak antolakuntza lanetan lagun dezake. Horretarako Betti Gottirekin harremanetan jartzea besterik ez dago, posta elektronikoz.
Informazio eta xehetasun gehiago Betti Gottiren web atarian lor daiteke.