"Irun aurreratu eta berritua nahi dugu, ahaztu gabe identitate propioa behar duela"
Datozen udal hauteskundeetara Irunen aurkeztu diren alkategaiek HITZAren galdetegia erantzun dute. Hona, EAJ taldearen alkategai Xabier Iridoyri egindako elkarrizketa.
Zergatik eman behar diote irundarrek zure taldeari botoa datorren maiatzaren 26an?
Irun eta bere pertsonentzat lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, hori lehenik esan beharra dugu. Irun seguru eta anitza nahi dugu, gizarte politikaren egungo errealitatera egokituta. Irunek berezko identitatea izatea nahi dugu. Bestalde, harremanetarako ahalmena duen hiria izatea nahi dugu, pertsonekin, erakundeekin eta inguruko herriekin elkarlana egin behar da, horretarako harremanak sendotu egin behar dira. Etorkizuneko Irun aurreratu eta berritua nahi dugu, baina ahaztu gabe identitate propioa behar duela. Irundarrak harro sentitzeko moduko hiria lortu nahi dugu, eta horretarako konpromisoa hartzen dugu. Horrek talde lana behar du eta gure taldeak gaitasuna du horretarako. Aurkezten garen guztiak argi dugu helburu bakarra dugula eta hori Irunentzat hoberena lortzea da.
Zeintzuk dira hirirako dituzun lehentasunak?
Hauteskunde programan bost lerro estrategiko jaso ditugu. Alde batetik, gobernantza berria. Gobernantza berri bat behar dugu, horren aldeko apustua da gurea. Koordinazioan eta lankidetzan sinisten dugu, ez konfrontazioan. Gobernuak hainbat urtetan izan duen gobernatzeko estiloa berritu nahi dugu, zaharkituta dagoela pentsatzen dugu egun udal gobernuak erabiltzen duen estiloa, berri bat planteatu behar da. Estilo horren eskutik dator nola sortu harremanak herritarrekin.
Bigarren lerro oso garrantzitsua bultzada ekonomikoa da. Bultzada behar du Irunek. Enplegua funtsezkoa da irundarren bizi kalitatea modu orokor batean hobetzeko. Dagoen enplegua baino gehiago behar dugu, izan ere, Irun beti egon da Gipuzkoako azken postuetan enplegu tasari dagokionean. Eta ez edonolako enplegua, duina, egonkorra eta kalitatezkoa behar du izan.
Beste ardatz bat gizarte sustapena da. Guk erdigunean jartzen dugu pertsona, izan ere, pertsona da oinarria. Horrela izan beharko luke gainera gure ustetan edozein erakunde edo udalek beharko lukeen irizpidea, pertsona zentro-zentroan jartzea. Sortu eta emango diren zerbitzuak pertsonalizatuak behar dute izan. Hortik hasita, gero zabaldu beharko litzake, bere autonomian, bere familian, bere inguruan eta hortik bere komunitate osora, hori da gure planteamendua. Bizi baldintzak hobetzeaz gain gizarte kohesioa lortuko genuke horrela. Uste dugu gizartean ezberdintasun handiak egoteak ez duela onurarik ekartzen.
Hiriaren biziberritzea ere lehentasuna da guretzako. Hiri modernoago eta abangoardistagoa behar dugu. Ikusten dugu Irungo hainbat zonalde edo eremu hobetzeko dituela, utziak egon dira urte askotan eta horrek ere hiria geldirik egotea dakar. Pixkanaka bizitasuna galtzen ari dela ikusten ari gara. Hiriaren biziberritzean ezin dugu ahaztu landa eta nekazaritza mundua, autobidetik hegoaldera ditugun bailara zoragarrik horiek. Eremu horiek babestu behar dira. Gainera, ibaian dugun fronte horri ere hartu behar zaio. Berreskuratu egin behar dugu askotan hiriaren atzeko aldea izan den eremu hori, uste baitugu hiriaren erakusleiho izan behar duela.
Azkenik, bizikidetza eta segurtasunaren aldeko apustua egiten dugu. Eskura ditugun datuek diote segurtasun pertzepzio eskasa dugula hirian. Segurtasun falta ikusten da, batez ere gauetan. Uste dugu ez dela gauza makala, erronka handia da. Planteatzen duguna da ordezkari eta alderdi politiko guztien arteko adostasuna lortzea, eta horretarako hiri itun bat egin behar da. Gainera, gizarte zibil antolatuarekin hitz egiten, adostasunak bilatuz. Garrantzitsua da segurtasun eta bizikidetza planteamendu orokor batetik egitea, aho batez onartua izan behar duen plan batez. Oinarria, gure ikuspuntutik, beharko luke izan elkarrekin bizitzeko errespetua, eta hortik hasira, hiri seguruagoa lortu.
Trenbide eremurako, zein planteamendu duzu?
Lehenik, balorazio bat egin nahiko nuke. Pasa den abenduan alkateak aurkeztu zuen Via Irun proiektua anbizio gutxikoa dela uste dugu, modu oso partzial batetik egindako proposamena izan dela, benetan trenbide gune osoaren birsortzea egin nahi bada. Horrek kezkatu egiten gaitu. Benetan Irungo erdigunean hainbat eremu berritu behar badira, horrek beste planteamendu bat behar du. Egia da horrela aipatu duela alkateak hainbatetan, “Irun hiriaren izugarrizko eraldaketa sortuko duen proiektua” izango dela, baina aurkeztu zutena ez du bat egiten hainbatetan eta azkeneko hilabetetan esaten zuenarekin. Txanaletan aurkeztu zuten proposamena, azken finean, Adif-ek geltoki bat egingo lukeela da, bere modura gainera. Ikusi behar da ea ados gauden ala ez. Niri zuzenean alkateak esan zidan trenbideak Adif-enak izanik, enpresak nahi duena egingo duela. Guk ordea uste dugu trenbideak Adif-enak diren arren, hiria gurea dela, irundarrona. Horrela esan nion Jose Antoniori, ez geundela batere ados. Uste dugu proiektu handi eta garrantzitsua denez alderdi guztien onarpenarekin beharko lukeela abiatu. Beraz, alkateak planteatzen duena geltoki berri bat da, aduana zaharraren eraikinarekin etxe aurrea birgaitzea eta gero etxebizitza batzuk sortzea lokal batzuekin, aktibitate ekonomikoari begira. Hori guretzat oso eskasa da, anbizio gutxikoa. Proiektuak ez du eremua guztia bere osotasunean planteatzen, izan ere, 64.000 metro koadroz ari da, eta birsortu behar den eremua 360.000tik gorakoa da. Ezin dira gauzak horrela planteatu, horrela egiten bada ez baitigu irtenbide emango benetan trenbide eremuak hirian sortzen duen arazoari. Hirian bitan banatzen du trenbide eremuak, bi aldeen artean oztopoa jartzen du, zulo bat sortuz bertan. Eta hori ez da proiektuan aurreikusten. Estaldurari buruz hitz egitea beharrezkoa dela eta topoa espazio horretara mugitu behar dela uste dugu. Proiektuak planteatu beharko luke alde bat eta bestea nola lotu. Gero ere planteatu behar dira zer nolako aisi eremuak sortu nahi ditugun bertan. Ez da dena etxez betetzea edo aktibitate ekonomikorako lokalak egitea, gauza gehiago pentsatu behar dira. Hasieratik gaizki planteatutako proiektua izan da. Proiektua ez da hemendik 10 urteko hiria egiteko, trenbide eremuaren birsortzearen exekuzioak bakarrik beharko ditu 30 urte baino gehiago. Aurreikusi behar dugu hemendik 50-100 urtera zein behar izango dituen Irungo gizarteak, eta hausnarketa guzti hori ez da egin eta ez dira egiten ari. Benetan kezkatuak gaude alkatearen proposamenarekin.
Egun udalean aldaketa behar dela diote talde batzuek, zer uste duzu?
Guk ere iritzi berdina daukagu, baina ez argudiorik gabe. Irun ahulduta dagoela ikusten dugu, arazoak dituela. Nekatuta dago, ilusiorik gabe, jendeak ikusten du ez dela Irungo etorkizunarekin amets egiten. Uste dugu benetan harro egoteko hiria nahi badugu amestu egin behar dela hiri hori. Horregatik pentsatzen dugu hiriak aldaketa behar duela. Baina behar du pertsona aldaketa, jarrera aldaketa, ilusioa sortuko duena. Estilo berria behar da Irun gobernatzeko, hortaz, sakoneko aldaketa behar da edukietan, baina baita ere moduetan, lan egiteko estiloan. Aldaketa hori lasaia eta arduratsua izan behar du, ez edonolakoa. Argi utzi behar dugu akordioan sinisten dugula, elkarren arteko koordinazioa defendatzen dugula. Berdinen arteko akordioak errazak dira, hemen zailtasuna dago berdin pentsatzen ez dugunean. Onartzen dugu Irun gizarte anitza dela, eta hortik abiatu behar da. Akordioetara iristeko ezberdinen artean beti abiapuntua errespetua da. Uste dugu harreman, errealitate eta proiektu berrien garai baten aurrean gaudela pentsatzen dugu momentu egokia dela beharrezko aldaketa hori gertatzeko.
Azken urtean bereziki Europa iparralderako bidean diren migratzaileen fluxua handitu egin da Irunen. Gai honi dagokion proposamenik duzue?
Bai. Guk atal bat aniztasunaren beharrei erantzuteko hainbat proposamen ditugu. Egia da hainbat eta hainbat urte daramagula ere migranteak edo etorkinak jasotzen. Irunek, Euskadiko bataz bestekoarekin alderatuta, harago dago, %13a dira erroldan daudenak. Aniztasuna ere ikuspegi orokor batetik ikusten dugu, bai etorriko direnak bertan geratzea, eta baita ere azkeneko urtean iparralderantz joan direnak kontuan hartuta. Egia da bertan daudenek neurri bereziak behar dituztela. Gainera Harrera Sarea daukagu Irunen, eta beraiek planteatu dituzte beharrak, udalbatzan planteatu zituen eta gu alde geunden. Beraz, horiekin bat egiten dugu. Proposamen zehatzak planteatzen ditugu. Uste dugu egun dagoen integrazio komunitarioko zerbitzua bideratu behar dela aniztasun eta migrazio zerbitzura. Horretarako, udaleko langileek egokitu behar badute beraien profila, bide hori egin beharko da, behar bada posturen bat sortu beharko litzateke. Gero, uste dugu aldundiaren bizikidetza eta aniztasunaren plana Irundik ere koordinatuak egon behar direla. Eskumenak Irunen badaude, baita beste erakundeen ere.
Kultur arteko topagune bat sortzea ere proposatzen dugu, normaltasunez hartu behar da gaia, eta horretarako erraztasunak eman behar dira kultur arteko harremanak eman daitezen. Beste neurri zehatz bat Irungo erdigunean aniztasunaren mapa bat sortzea da, denek begi bistan izan dezagun nola osatzen den gure gizartea, nolabait inklusiorako neurri bat. Horrez gain, ezin dugu gure kultura eta gure hizkuntza ahaztu. Hala, pentsatzen dugu Irunen bizi diren atzerritarrak euskara ikasteko aukera izan dezaten, euren borondatez euskaran murgildu nahi izan ezkero. Gure kulturaren eredu bezala adibidez udako Euskal Jira dugu. Adibidez, orduan migratzaileen gurdi bat ateratzea ere pentsatu dugu. Azken neurria, aurreiritzi sozialak ekiditeko zurrumurruaren aurkako sarea sortzea proposatzen dugu, ZAS sare moduko bat. Zurrumurruak ez daude errealitatean oinarrituak, horren kontra lan egitea beharrezkoa da.