"Langabeziaren, behin behineko kontratuen eta prekarietatearen aurkako talka plan bat egin behar da"
Datozen udal hauteskundeetara Irunen aurkeztu diren alkategaiek HITZAren galdetegia erantzun dute. Hona, Elkarrekin Podemos koalizioaren alkategai David Sotori egindako elkarrizketa.
Zergatik eman behar diote irundarrek zure taldeari botoa datorren maiatzaren 26an?
Gure indar politikoak bi mandatu ditu, argi eta garbi: justizia soziala, jendea udal politiken erdigunean jartzea, eta udala kudeatzeko modua aldatzea. Gure indar politikoa Irungo Udalean sartu zenean, urte askotan zehar Irunen garatu ziren inertzien amaiera ekarri genuen. Gehiengoen aritmetika aldatu egin zen. Elkarrekin Podemosek hiritarren babes handia lortzen badu, Irunen benetako aldaketa gauzatzeko eta hiri proiektu eta politika berriei bidea irekitzeko bermea izango dugu. Gu gabe, PSE-EEk eskuineko indarrekin itunduko du eta Irungo statu quoa azken hamarkadetan izan den berdina izango da berriro.
Zeintzuk dira hirirako dituzun lehentasunak?
Lehenik eta behin, gure hiria baldintzatzen duen langabeziaren, behin behineko kontratuen eta prekarietatearen aurkako talka plan bat. Gipuzkoan langabezia tasarik handiena duen bigarren hiria gara, dagoeneko indarrik ez duen hiri eredu baten ondorioz.
Gazteriari zuzendutako politika berriak: kultura eta aisiarako sarbidean, kirolean, etxebizitzan, enpleguan. Ez da ezer egin gazteentzat. Bada garaia.
Hiri proiektu berriak: Gaztegune bat CBAren bigarren fasean, Kultur Etxe bat Ikust Alaian, Irungo alde zaharraren behin betiko garapena, Oteiza etxea birgaitzea eta Iparralde-Gal eremua zaharberritzea.
Azkenik, aparkaleku eta mugikortasun politika berriak Irunen, une honetan hiritarrak bazterrean uzten baitituzte. Dirurik gabe, ezin duzu aparkatu Irunen.
Trenbide eremurako, zein planteamendu duzu?
Beste ezeren gainetik, trenbide eremua osorik aztertu behar dela uste dugu, eta ez soilik lehenengo fasea, eremu osoaren garapena baldintza dezakeelako. Trenbide eremu osoaren erabilerak eta sarbideak aztertu behar dira.
Hainbat ardatzetan oinarritu behar da trenbide eremuaren garapena:
- Lehenik, bitan banatutako hiri bat elkartzea eta bateratzea. Irungo erdigunean aisialdirako eremuak eta oxigeno birika bat sortuko dituen korridore berde baten bitartez egin behar da.
- Garapen publikoko eremu bat: kultura eta kirol arloko ekipamenduak, alokairu publikoko etxebizitzak, eta garapen teknologikoko enpresa jarduera prestakuntza eremuekin batera.
- Aduana eraikina eremuaren muina bihurtzea: hizkuntza eskola ofiziala Aduana eraikinera eramatea, hiriaren museoa ezartzea (memoria historikoarekin lotuta), eta gazteentzako kultura aisiarako esparruak eranstea.
Egun udalean aldaketa behar dela diote talde batzuek, zer uste duzu?
Aldaketa behar dugu, zalantzarik gabe. Irungo Udalean akordioak egiteko eta kudeatzeko moduetan eta politiketan aldaketa bat egin behar da. Hamarkadetan zehar alkate baten irudiarekin lotutako PSE-EEren dinamika pertsonalistak alde batera utzi, eta kudeaketa eta lidergo partekatuko eredu baterantz jo behar dugu. Hiriaren garapen ardatzak aldatu, langabeziaren aurka borrokatzeko eta gazteen, kulturaren, berdintasunaren eta baliabideen kudeaketa publikoaren alde lan egiteko. Azpikontratazioak, beharrezkoak ez diren ekipamenduetarako inbertsio erraldoiak, eta gizarte proiektuen eta trantsizio energetikoko proiektuen gabezia alde batera utzita, itxurakeriak baino ez baitira.
Azken urtean bereziki Europa iparralderako bidean diren migratzaileen fluxua handitu egin da Irunen. Gai honi dagokion proposamenik duzue?
Lehenik eta behin, Harrera Sareak eskatuta Irungo Osoko Bilkuran onartu dena bete egin behar da: lokal bat eskaini behar zaie euren lana gara dezaten, baliabideak ezarri behar dira bidean dauden migratzaileei udal baliabideetarantz gidatzeko eta Irungo koordinazio mahaia berreskuratu behar da –aktarekin–.
Bestalde, bidean dauden migratzaileentzako baliabide publikoen erabilera eta sarbide baldintzak malgutu behar dira. Gipuzkoako erakunde arteko mahaiari presio egin behar zaio, beste udalerri batzuek ere laguntza humanitarioan parte har dezaten.
Arazoari epe ertainean aurre egingo dion behin betiko Plan bat sortu behar da, migratzaileen fluxuak berdin jarraituko duela aurreikusten baita.