Bidasoak behar bezala bukatuko du denboraldi historikoa
Datorren larunbaterako egun osoko festa antolatu du klubak. Bazkaria, kalejira, haurrentzako puzgarriak, sariak... Denetarik prestatu dute.
Bidasoa eskubaloi taldeak amaiera bikaina emango dio aurtengo denboraldi itzelari. Egun osoko jaialdia antolatu dute datorren larunbaterako (hilak 25), irundarrek Liberbank Cuenca-ren aurka jokatuko duten azken partida borobilduko dute.
Goizetik, dozenaka jarduera izango dira Artaleku barruan, tartean, XXIII. Eduardo Puente Memoriala. Gainera, kiroldegiaren aparkalekuan txosna bat jarriko dutela jakinarazi dute, eta bertan ere haurrentzako puzgarriak izango direla.
Eguerdian berriz, 13:30ean, bazkari herrikoia egingo dute kiroldegiaren aparkalekuan. Tripak ongi bete ostean, Altzola tabernatik kalejira abiatuko da.
Liberbank Cuencaren aurkako partida 17:00etan hasiko da. Bertaratutako guztiek aurtengo denboraldiaren posterra jasoko dute sarreran, partida aurretik mosaiko erraldoia osa dezaten. Horrez gain, partida hasi baino lehen Zaisa Bidasoa taldeko eta Erreginaren Kopa irabazi berri duten Realeko neskei omenaldi berezia egingo diete irundarrek.
Partida amaitu ostean, festa berriz ere kanpoko karpara eramango dute. Bertan, 19:45an, III. Mari Taberna Erregulartasun Trofeoa (Xoan Leido atezainak irabazi du) eta Conecta Bidasoa Saria banatuko dituzte. Eta egun luzea behar bezala amaitzeko, zaleek jokalariekin eta taldeko kideekin batera kalejira egingo dute San Juan plazaraino.