"Gazteen eta emakumeen ikuspegia erabat txertatu dugu, beste zerrendetan hori falta da"
Datozen udal hauteskundeetara Irunen aurkeztu diren alkategaiek HITZAren galdetegia erantzun dute. Hona, EH Bildu alderdiaren alkategai Jokin Melidari egindako elkarrizketa.
Zergatik eman behar diote irundarrek zure taldeari botoa datorren maiatzaren 26an?
Uste dut arrazoi asko eta ezberdinak daudelako. Uste dugu EH Bilduren taldeak Irun osoa ordezkatzen duela, hori alde batetik. Gero, garbi daukagu Irun auzoetatik eta jendearekin egin behar dugula, eta gure proiektu integrala horrela egin dugu. Behetik gora egin dugu, irundarrentzat eta irundarrekin. Herri honetan aldaketa nahi badugu, gure eskuetatik pasa behar da, Irungo EH Bilduren eskuetatik. Guk argi eta garbi esan dugu beti beste gobernu baten aldeko apustua egiten dugula. Gardenak izan gara, zintzoak, esaten duguna egiten baitugu. Beste alderdi batzuek adibidez ez dute horrela egin, aukera egon denean Santano kentzeko ez dute kendu, eta guk ordea bai. Alternatiba bakarra uste dugu pasatzen dela Irungo EH Bildu bozkatzetik.
Zeintzuk dira hirirako dituzun lehentasunak?
Proiektuz proiektu joan aurretik uste dugu gure ideia jarri behar dugula mahai gainean. Irun auzoetatik egin nahi dugu, hiria deszentralizatu behar da. Gaur egun ematen du Irun erdigunea dela, eta udaletxea dela zerbitzuak eskaintzen dizkiena auzoei, guk beste nolabaiteko planteamendua egin dugu, berritzailea eta eraldatzailea. Auzoei ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna eman nahi diegu, auzotarrek hartuko dituzte auzoen inguruko erabakiak. Adibidez, aurrekontua beraien eskuetan utzi behar da. Argi dugu irundar orok baduela eskubidea bere auzoan kultur etxe bat, kiroldegi bat, udal bulego bat edota anbulatorio bat izateko. Ez gara esaten ari auzo guztietan anbulatorioak egon behar direnik, baina beste modu batean banatu behar da hori, denek auzo inguruan zerbitzu horiek izan ditzaten. Herritarrak eskubideak ditugun subjektuak gara, eta eskubideak ditugun heinean, gauzak aldarrikatu ahal ditugu. Jasotzaile ikuspegitik eskubideak ditugun subjektuak izatera pasa behar dugu.
Proiektu zehatzak zehaztearren, esaterako, azken urte hauetan egon gara Plaiaundiko trasladoarekin gora eta behera. Guk gure aukera mahai gainean jarri genuen eta azkenean ikusita udal gobernuak zer egin zuen gaiarekin eta alderdi sozialistak zer egin duen San Miguel Anakako eremu horretan hainbat urtetan, ezin izan zen egin, lurra horiek guztiz hipotekatuak daudelako. Taldeak erakutsi du gerria duela nolabait beste akordio eta negoziazio batzuetara iristeko. Konplizitateak bilatu ditugu, adostasunak, eta azkenean EAJrekin eta Ahal Dugurekin beste aukera bat posible zela erakutsi dugu. Erakutsi dugu fidagarritasuna badugula.
Bestalde, lehenengo sektorearen aldeko apustua egin behar dela nabarmendu nahi dugu, Bidasoa KM 0 bezalako proiektuak bultzatuz. Hemen egin, hemen ekoiztu eta hemen kontsumitu, hori da bultzatu behar dugun joera. Horretarako, Olaberria bailara oso toki egokia da. Lehenengo sektorea bultzatu ezkero enplegua ere sortuko dugu, ez gara konturatzen sekulako aukera dugula. Oso-oso gurea izan den beste proiektu bat energia berdearen agentzia sortzea izan da. Guk esaten dugu energia berriztagarriekin lan handi bat egiteke dagoela Irunen, horrek ere enplegu berde dezente sortuko luke.
Gure taldeak hirirako izugarrizko proiektu ekonomiko bat landu du. Gainontzeko taldeek ekonomiari buruz hitz egiten entzun diegunean ez diegu proposamen zehatzei buruz ezer entzun, eta guk bai esaten dugu enpresa txiki eta ertainak nola lagundu, nola eraldatu behar dugun azpierabilia dagoen Bidasoa Bizirik agentzia.
Amaitzeko, esan beharra dugu gauzak oso argi izan ditugula zerrenda osatzerakoan. Hasieratik gazteen eta emakumezkoen ikuspegia erabat txertatuta izan dugu. Beste alderdien zerrendetan hori falta dela sumatzen dugu. Kanpainan ikusten ari gara jende gazte pilo bat gerturatzen ari dela gugana, hori seinale ona da.
Trenbide eremurako, zein planteamendu duzu?
Trenbide eremuaren birmoldaketak hurrengo 100-150 urteak baldintzatuko ditu. Eremua gaur egun zikatriz handia da hirirako. Lur eremu osoak 360.000 metro koadro okupatzen ditu, eta gaur egun bakarrik 62.000 metro koadro ari dira kontenplatzen. Iruditzen zaigu ikuspegi osoa galtzen ari garela horrekin. Ezin dugu orain lur eremu ikaragarri hori petatxoekin bete, horretarako proiektu integrala egin behar da, ikuspegi global batekin. Jakin behar dugu bertan zer nolako aktibitate ekonomikoak nahi ditugun, zer nolako parkeak, etxebizitzak joan behar diren ala ez… Horretarako parte hartze prozesu bat egin duten arren, guretzat nahiko murritza izan da, proiektuaren osotasuna kontenplatzen ez duelako. Eta gu gobernura iristen garenean behintzat buelta handi bat emango diogu horri, eta herritarrekin benetako proiektua, behetik gorakoa, eraikitzen saiatuko gara.
Egun udalean aldaketa behar dela diote talde batzuek, zer uste duzu?
Aldaketa behar beharrezkoa da, 36 urte daramatza alderdi sozialistak hiri honetan gobernatzen. Edozein instituziotan hainbeste denbora daramazunean nik uste garbitasun demokratikoagatik aldaketa eman behar dela. Alderdi sozialista nekatuta ikusten dugu, ideiarik gabe, Irun gris eta triste bat utzi dute. Guk aldaketa egingo dugu herritarrek nahi dutelako, herritarrek esaten digute hori nahi dutela eta guk oso argi dugu norekin egingo dugun, justizia sozialaren alde egiten duten horiekin. Hori da EH Bilduk jartzen duen marra gorria. Horrez gain, trifatxitoarekin paktatzea ere marra gorria izango da. Guk Vox-ekin ez dugu inongo harremanik izango eta gainera opa diogu Euskal Herriko inongo instituziotan ez egotea. Gainontzeko besteekin akordio puntualetara iristea baldin badago iritsiko gara, baina benetan aldaketa baten alde eta Irun berri baten alde egiteko justizia sozialaren alde oinarri duten alderdiekin egingo dugu.
Azken urtean bereziki Europa iparralderako bidean diren migratzaileen fluxua handitu egin da Irunen. Gai honi dagokion proposamenik duzue?
EH Bilduk oso paper aktiboa izan du, eta nire kasuan boluntarioa naiz lehenengo asteetatik. Bizi izan ditut bai Lakaxita, Leka enea eta baita orain Martindozeneako garaiak, eta nahiz eta orain migrante gutxi dagoela eman, azken finean egunero migranteekin lanean gaudenok badakigu zein den errealitatea. Egunero lagun mordoa iristen da hirira. Udal gobernutik eskaini zaien laguntza oinarrizkoena izan da, badira beste behar handi batzuk asetu gabe geratu direnak eta horiek asetzeko Irungo Harrera Sarea egon da. Ehunka irundar daude hor egunero lanean, erakusteko gure Irun benetan solidarioa dela, duintasunean sinisten duen jendea badagoela. Egoera orain kezkagarria bada ere, are kezkagarriagoa bihurtuko da datozen aste eta hilabeteotan. Guk behintzat gobernuan baldin bagaude benetako irtenbideak eta benetako baliabideak jarriko ditugu migranteen eta harrera sarearen eskuetan. Baina, egia da migrante dezentek ez dutela Irunen jarri dituzten dispositiboetan lo egin. Aste honetan adibidez zenbait migrantek gure lokalean pasa dute gaua. Gauza bat ere garbi utzi nahi dut, EH Bilduk ez du politizatu nahi gaia inondik inora, baina gure baliabideak bai jarriko ditugu beraien eskuetan.