San Miguel-Anakan anbulatorio berri bat eraikitzea proposatu du EH Bilduk
San Miguel, Anaka, Urdanibia berri eta Kateako bizilagunei emango lieke zerbitzua arretako osasun zentro berriak.
Hiriko hirugarren anbulatorio eraikitzea. Hori da Irungo EH Bilduk datozen udal hauteskundeei begira egin duen azken proposamena. San Miguel-Anaka eremuan eraikiko lukete lehen arretako osasun zentro berria, eta San Miguel, Anaka, Urdanibia berri eta Kateako bizilagunei emango lieke zerbitzua.
“Eremu hau EH Bildu taldearentzat oso berezia da, gure herrian gaizki egindako plangintza askoren paradigma delako”. Hala, udal gobernuak duela hamarkada batzuk eremua “hipotekatu” zuela salatu dute, koalizioaren ahotan, bertan eraiki baititu beste eremuetan eraiki behar ziren babeseko etxebizitza asko. Era berean, anbulatorio berria eraikiko duten zonaldean udal gobernuak merkatalgune handi bat eraikitzeko asmoa duela salatu dute, “jada egoera txarrean dauden gertuko merkatari txikiek kalte handia eginez”.
Azken urteetan Irungo populazioak gora egin badu ere eta populazioa zahartu bada ere, hirian lehen arretako zerbitzu zentro kopurua berbera izaten jarraitzen duela gogoratu dute. Egun, erdiguneko anbulatorioa “gainezka” dagoela diote, eta hirugarren horrek “lehen arretako sare orekatuago bat sortzeko aukera emango lukeela”.
Amaitzeko, zenbait datu eman dituzte Jokin Melida alkategai eta Dani Berasategi zerrenda kideak. Egun, hiriguneko anbulatorioak 41.500 irundarrei ematen die zerbitzua, Dunboakoak aldiz, 21.500 herritarrei. Koalizioaren proposamenean, hirigunekoak 22.500, Dunboakoak 21.500 eta berriak 19.000 artatuko lituzke.