"Merkatari txikiei mesede egiteko doako TAO zerbitzua jarriko dugu"
Datozen udal hauteskundeetara Irunen aurkeztu diren alkategaiek HITZAren galdetegia erantzun dute. Hona, PP alderdiaren alkategai Muriel Larreari egindako elkarrizketa.
Zergatik eman behar diote irundarrek zure taldeari botoa datorren maiatzaren 26an?
Merkataritza txikiaren egungo egoerari buelta emateko, trafikoaren eta aparkalekuaren arazoa konpontzeko eta hiri seguruagoa lortzeko aurkeztu naiz alkatetzara. Nire lehentasuna pertsonak izango dira, eta ez dut atseden hartuko irundar bakar batek beharra duen bitartean.
Zeintzuk dira hirirako dituzun lehentasunak?
Trafikoaren inguruan arituko gara, doako TAO zerbitzua jarriko dugu merkatari txikiei mesede egiteko, bezero berriak lor ditzaten. Uste dugu hiriko jarduera ekonomikoa dinamizatu eta suspertzea lehentasuna dela.
Gainera, etxebizitzen jabegoa lortzeko inbertsio indartsua egingo dugu, gizarte alokairura bideratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartuta. Irundarrek ez lukete euren diru sarreren %30a baino gehiago bideratu beharko etxebizitza ordaintzera.
Trenbide eremurako, zein planteamendu duzu?
Irun Via proiektuarekin hiriko erdigunea birsortzeko aukera dugu, enpresa berriak, unibertsitatea, kultura eta etxebizitzak erakarriz. Espazio berri bat hiria egiteko.
Egun udalean aldaketa behar dela diote talde batzuek, zer uste duzu?
Irunen planteatu ditugun erronkei aurre egiteak uste osoaren, pertseberantziaren eta ilusioaren eta bultzada berri baten beharra du. Eta nire taldeak eta nik baldintza horiek betetzen ditugu.
Azken urtean bereziki Europa iparralderako bidean diren migratzaileen fluxua handitu egin da Irunen. Gai honi dagokion proposamenik duzue?
Gogorra da euren herrialdea utzi behar izatea, arrazoi ezberdinengatik, baina gustatuko litzaidake denek euren bidaian harrera jasotzeko aukera izatea Irun bezalako hiri batean, ibilbidean indarrak hartzeko harrera duina izango duten hiri batean.