CBA eraikina eta kultur eskaintza handitu nahi du PSE-EE taldeak
"Gazteei sormen artistikorako lekuak eskaini nahi dizkiegu, baina kontzertu areto bat ere moldatu nahi dugu", adierazi du Santanok.
Jose Antonio Santano alkatea (PSE-EE) kulturaz aritu da gaurko agerraldian. Agintaldi hasieran inauguratu zuten CBA Udal Liburutegiko sarreran kultur arlorako dituzten proposamenak aurkeztu ditu, bere ahotan, “hiriko kulturaren erreferentzia gunean”.
CBA handitzeko zenbait proposamen egin ditu alkategai sozialistak. “CBA barruan oraindik egokitu gabe dauden kultur erabilerako leku berriak jarri nahi ditugu martxan. Gazteei sormen artistikorako lekuak eskaini nahi dizkiegu, baina kontzertu areto bat ere moldatu nahi dugu”, adierazi du Santanok.
Kultura kalean zabaltzea. Hori izango da datorren legealdirako sozialisten beste asmo nagusietako bat. Horretarako, zenbait programa egingo dituztela iragarri dute, tartean liburu eta irakurtzeko zaletasuna gaztetxoen artean zabaltzeko.
Era berean, dagoeneko Ikust Alaia eraikineko proiektua lantzen hasi direla jakinarazi du. “Horrez gain, uste dugu Irunek auditorio berri bat edukitzeko ideia berreskuratzeko unea dela. Amaia batzuetan txiki geratzen da programazio jakin batzuetarako, eta hau izan daiteke espazio berri bat baloratzeko momentua”.