Apustu etxeen kontrako kanpaina abiarazi du Erlaitz gazte mugimenduak
Apustu etxeek "gatazka sozial handia" sortzen dutela diote, eta ez dela gertakari isolatu bat, gizarteak duen arazo estruktural baten ondorioetako bat baizik.
Erlaitz gazte mugimenduak jakinarazi duenez, beste agitazio kanpaina bati eman berri diote hasiera. Apustu etxeen kontrako ‘Bizitzaren alde, Bizitzaren jabe’ kanpaina abiarazi dute, gaur egun gazteek bereziki pairatzen dituzten “mendekotasun zein ohitura txar guztiak bisibilizatzeko” asmoz.
Azken urteetan apustu etxeen presentziak “etengabe goraka” egin duela salatu dute Erlaitzeko kideek.”Tabernetako makinak, iragarkiak, lokalak herri osoan zehar… Krisialdi testuinguruan, ofentsiba kapitalistak gure bizi baldintzak kaltetu izanarekin batera, gure bizi behar materialen beharra aprobetxatzen jakin du apustu etxeen bidez, modu errazean diru asko lortu dezakegula sinestaraziz”, salatu dute mugimendutik. Apustu etxeek “gatazka sozial handia” sortzen dutela adierazi dute, eta ez dela gertakari isolatu bat, gizarteak duen arazo estruktural baten ondorioetako bat baizik.
Apustu egiteko kasu guztietan Reta, Codere edo Kirolbet bezalako enpresetako jabeak herritarren kontura aberasten direla salatu dute, “langileon gainbalio erauzketa eta lan baldintza kaskarren bidez”. Hala, Irunen eta bereziki gazteen artean jokoa erabat normalizatua dagoela diote Erlaitzetik. “Drogek kimikoen bitartez mendekotasuna sortzen duten bezala, jokoak ere mendekotasuna sortzen du”. Gainera, adikzio horrek dakartzan ondorioak latzak izaten ohi direla diote, aurrezki guztiak xahutzea, familietako sufrimendua edota kalte psikologikoak pairatu behar izaten dituztela erabiltzaileek.
Mailakatzeari uzteko eta menpekotasun guzti horiek bisibilizatzeko kanpainarekin gogor jarraitzeko asmoa adierazi dute. “Langileon sufrimenduarekin aberasten denak parean edukiko gaitu. Apustu etxeak kanpora!” gehitu dute mugimenduko kideek.