Portuan eta Alde Zaharrean hobekuntzak agindu ditu Hondarribiko EAJk
Santiago, Satarka eta Harategi kaleak berritzeko konpromisoa adierazi du EAJk. San Nikolas zubiaan aldaketak agindu dituzte.
Hauteskunde kanpainaren barruan, Hondarribiko EAJk Portu auzoaren eta Alde Zaharraren gaineko hainbat hirigintza asmoren berri eman du. Jeltzaleek adierazi dute azken urteetan egin diren biziberritze lanek jarraipena izango dutela, eta horren harira, hainbat proposamen landu dituzte.
Portu auzoan, Santiago kaleko lehenengo zatia berritze dute helburu, eta Arrantzale auzoa hobetzeko egitasmoa idatzi eta obra egingo duela zehaztu du EAJk. “Egiteko gelditzen diren bi fase horiekin azken bultzada emango diogu auzoari. Erabat aldatu da auzoa azken urteetan, bizilagunak eta oinezkoak dira protagonistak”, esan du Txomin Sagarzazu alkategaiak.
Era berean, Alde Zaharrean Satarka eta Harategi kaleak berrituko dituztela agindu du Sagarzazuk, eta San Nikolas zubia aldatuko dutela, “egindako azterketa baten ondorioz ikusi da aldaketa beharrezkoa dela, eta hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dugu proiektua”.